Baliza elkartea dagoeneko ari da udaberriko galdeketari begira lanean

Karkara 2016ko aza. 3a, 08:29

Orioko Gure Esku Dago taldeak Baliza izeneko elkartea sortu berri du. Urriaren 2an eratu zen taldea 30 herritarren babesa zela medio. 

Egun horretan, urriaren 2an, ordubete eskas iraun zuen bileran, talde sortzaileak orain arte egindako ibilbidearen berri eman zuen; ondoren, elkarteko estatutuen irakurketari ekin zion.  

Elkartea eratzearen arrazoi nagusia hauxe da: Urola kostako herriekin batera datorren udaberrian Orion galdeketa egiteko nahitaezko baldintza da, hau da, erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko ezinbesteko tresna.

Horrezaz gain, Baliza elkartearen asmoa ere bada aurrerantzean hainbat gairen inguruan inkestak egitea herrian, baita herri galdeketak sustatzea ere. Hala, herritarrek zuzenean parte hartzeko aukera izango baitute. Unea iritsitakoan, hitzaldiak, herri bazkariak, asanbladak eta abar ez dira faltako herrian informazioa zabaldu eta erabakiak hartze aldera. 

Nahiz eta elkartea dagoeneko sortua dagoen, herritarren laguntza beharrezkoa izango da ondorengo hilabeteetan, beraz, berrio ere oriotar guztiei gonbita luzatzen diegu ostiralero arratsaldeko zazpiretan, Baliza elkartearen lokalean egiten diren bileretara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide