Indo anaien arteko lehia ikusi zuen barraren bestaldean Errustako Arantxa Ibar Atxegak. Zein den arraunlari hobea, hori zen auzia. Eta, Errustako langileak esan digunez, bere saltsera famari ezin eutsi eta euskaldun bati inoiz esan ezin zaizkion bi hitzak esan zikzien: ezetz ausartu! Hor hasi zen dena. Gero, arraun klubarekin eta bi kuadrillekin hitz egin zuen; eta, pixkanaka-pixkanaka, ideiak forma hartu zuen. Konturatzerako, Errustako lehen bandera ari nintzen margotzen!, dio Ibarrek.
Ez arraunlarientzat eta ez arraunzaleentzat, herritar guztientzat antolatutako festa dela esan du antolatzaileak. Udazkenari xarma emateko asmotan antolatu zuten, eguraldi txarrari aurpegi ona jartzeko asmotan. Festara mundu guztia ongi etorria da! Baina, estropadaren ideia bi kuadrilla hauen arteko pikeagatik hasi zenez, aurtengoa beren arteko lehiara mugatuko da. Hala ere, datorren urteari begira, talde mixtoak sortzea gustatuko litzaidake, gaineratzen du.
Lagunen arteko norgehiagoka izango da, beraz, larunbat arratsaldekoa. Irabazten duenak Ibarrek berak diseinatutako bandera astinduko du eta, horerz gain, parte hartzaile bakoitzak eskertza-saria jasoko du.