Oriotar asko saskibaloian

Karkara 2016ko urr. 18a, 11:30

Oriotar asko daude ZAST saskibaloi taldean. Batzuk entrenatzaile lanetan arituko dira eta beste asko jokalariak izango dira. Saskibaloi Eskola ere martxan da.

Saskiratzeek bi herriak –Zarautz eta Orio– batu dituzte, saskibaloi zaleek Zarauzko taldean maite duten kirolaz gozatzeko aukera ikusi baitzuten. ZAST taldean oriotar asko daude. Aurtengo denboraldia hasi berri den honetan, oriotarrak X taldetan topa ditzakegu.

Infantiletan bi entrenamendu talde dituzte Orion, bata neskena eta bestea mutilena. Gutxi gorabehera 14 eta 12 lagun dauzkagu multzo bakoitzean, hurrenez hurren. Neskekin entrenatzaile lanetan hasi dira Oihana Aramendi eta Koldo Aranburu; eta, mutilekin, Aratz Arregi. Horiek ere oriotarrak. Bi entrenamendu talde horiek lau taldetan banatzen dira ondoren, adinaren arabera, guztiak minutu asko jokatzeko asmotan: ZAST 2004 Orio eta ZAST Zarautz mutiletan; ZAST 2004 Orio eta ZAST 2004 Haundi nesketan. Atzetik, elastikoan, Orio izena daramate taldeek. Karelan jokatuko dituzte normalean beren partidak.

Kadeteetan hiru taldetan daude oriotarrak. Nesketan Errendimenduko ligan dago talde horietako bat. ZAST ZARAUTZ ZKE izena du taldeak eta Oraitz Garcia donostiarrak gidatzen du. 

Mutilak, bestalde, bi taldetan daude banatuta. Batzuk –ZAST ZARAUTZ– Errendimenduko ligan ari dira Goar Artetxe tolosarraren eta Eneko Landa zarauztarraren aginduetara daude. Beste talde bat –ZAST ORIO 2002 ZKE– Partaidetza Ligan dago eta talde hori Unai Arruti eta Unai Uriarteren esanetara daude. Hauek guztiek entrenamendu gehienak Zarautzen egiten dituzte, nahiz eta partida batzuk Orion jokatzen dituzten. 
Juniorretan nesketan bakarrik dituzte jokalariak. Errendimenduko Ligan ari gara eta Iker Gurrutxaga da taldeko entrenatzailea. ZAST ORIO ZKE izena du taldeak. Oraingoz bost partida jokatu dituzte eta horietatik 2 irabazi eta 3 galdu dituzte.

Bukatzeko, seniorretan EBA ligan ariko dira aurten ere Unai Eizagirre eta Aitzol Eguskitza. Bi partida jokatu dituzte eta biak irabazi egin dituzte. Bide onetik hasi dira, beraz. EBAko taldean entrenatzaile berria izango dute aurten, Iñaki Jimenezek utzitako aulkia Goar Artetxek beteko du. Eta babesle berria ere izango dute, Ulacia Grupo.

 
 

Saskibaloi Eskola martxan

Astelehenetan 18:30ean eta asteazkenetan 17:30ean biltzen dira saskibaloian jokatzeko. Astean ordubeteko saioa izango dute bertan izena ematen dutenek. KARKARAko komunitatean dago horretarako esteka.
Horrez gainera, esan, aurten egoera bereziarekin egin dutela topo. Jokalari kopurua proportzioan handitu den arren, talde ezberdinetan eta aritzeak zailtasun logistikoak ekarri ditu. Hala, aurten Zaragueta eskolako instalakuntza erabiltzeko aukera izango dugu Udalak eta eskolak berak emandako baimenari esker. Baldintzak ez dira onenak eta etorkizunean, ziurrenik, eskolako instalakuntzak hobekuntza baten beharra izango du. Zorionez Orion kirola osasuntsu dagoelako eta Karela txiki geratzen ari zaigulako.

ZAST  taldekoek eskerrak eman nahi dizkiote bai Udalari eta eskolari kantxa uzteagatik, baina baita Karelari eta bertako langileei ere, aurtengo egoera bereziaren aurrean izaten ari diren jarreragatik ere. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide