'Konponbidean al goaz?' jardunaldian parte hartzeko gonbita

Joxe Anjel Zaldua 2016ko urr. 18a, 08:30

Lagun hori,

2015ean Udalak gonbita egin zien herriko lagun batzuei, jatorri politikoko indarkeriak eragindako sufrimenduaz hitz egiteko. Udalak herritarrei egindako dei zabalari sei lagunek erantzun zioten eta horiek hainbat bilera egin dituzte dagoeneko, gaiaz aritzeko. Udaleko talde politikoek, beren aldetik, gaia landu dute elkarrekin eta egina dute bide bat, modu paraleloan.

Ibilbide horretan indarkeria politikoak eta terrorismoak gure eguneroko bizitzan eragin dituen ondorioetan zentratu gara eta parte-hartzaileok gure bizipenak konpartitu ditugu, nork bere sufrimenduak azalduz eta besteenak entzunez. Esperientzia interesgarria izan da eta, orain, herriari zabaldu nahi diogu eta jende gehiago gonbidatu parte hartzera.

Udalak uste du garrantzizkoa dela parte-hartzea zabaltzea eta ahalik eta herritar gehien inplikatzea prozesu honetan. Horrela bakarrik lortu daiteke bizi izan dugun sufrimenduari hitzak jarri, elkarren min eta arrazoiak entzun eta gogoeta konpartitu bat egitea.

Herritarren inplikazioa lortzeko ahalegin horretan, Udalak eta herritarren talde horrek, Bakeola zentroaren laguntzarekin, hiru ekitaldi antolatu ditu, segidako hiru ostegunetan, Konponbidean al goaz Orion? izenpean:

• Urriak 20, osteguna, 19:00, Salatxo aretoan. ZINEFORUMA: “Mujeres en construcción” filma

• Urriak 27, osteguna, 19:00, kultur etxean. ZINEFORUMA: “Glencree”

• Azaroak 3, osteguna, 19:00, Salatxo aretoan. TAILERRA: “ORIOTARREN ORDUA DA”

Mezu honen bidez, hiru ekitaldi horietan parte hartzeko gonbita egin nahi dizuet herriko talde eta elkarteetan zabiltzatenoi. Ekimena ilusioz prestatu dugu eta zuentzat ere interesgarria izatea espero dugu.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, jaso nire agurrik beroena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide