Zubizarretak irabazi du Euskal Herriko bodyboard txapelketa

Karkara 2016ko urr. 5a, 08:12

18 urte azpiko kategoriako azken proba irabazi zuen Unai Zubizarretak eta zirkuitua ere lehen postuan bukatu du oriotarrak.  Mikel Atxega bere atzetik sailkatu da, bigarren postuan.

Igandean jokatu zen Euskal Herriko bodyboard zirkuituko azken jardunaldia. Zumaian izan zen hitzordua. Open kategorian eta 18 urte azpikoen kategoriak izan ziren jokoan. Itsasoa aldeko zegoen, olatu onak baitzeuden, tamaina politakoak; haizea ere lagun zuten kirolariek. 

Txapelketa goizean goiz hasi zen, 9:00etan. Bi oriotarrek hartu zuten parte, nola Open kategorian,  hala 18 urte azpikoan. Open kategorian final zortzirenetan lan ona eginda aurrera egitea lortu zuten Mikel Atxegak eta Unai Zubizarretak. Hortik aurrera, ordea, ez genuen zorte handirik izan kategoria horretan. Ezin izan genuen ez batak eta ez besteak final erdietara sailkatu, dio Zubizarretak.

18 urte azpikoen kategorian lehiatzea gelditzen zitzaien. Maila horretan finalean elkartu ziren Atxega eta Zubizarreta, bakoitza bere bidetik indartsuena izan baitzen. Ordura arteko jardunaldietan ere maila onean aritu dira bi oriotarrak, eta, gainera, berekin lehian zebilen bizkaitarra final aurrekoetan kaleratu egin zuten; hortaz, irabazteko aukera handiak zituzten biek. 

Beren artean egon zen txapela. Finalean itsasoa makalago zegoen, ez zeuden horren olatu onak. BAina, hala ere, Zubizarretak bi olatu on hartzeko aukera izan zuen eta finala irabaztea lortu zuen. Igandeko jardunaldiaz gain, Euskal Herriko zirkuitua ere irabazi zuen Zubizarretak. Mikel Atxega bigarren gelditu zen igandean, baita sailkapen orokorrean ere. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide