Asier Landa: “Gorputz hezkuntza ikasgai garrantzitsua da”

Karkara 2016ko urr. 3a, 15:21

Oraingoan Karkarak lan berria eskatu digu, elkarrizketa testu bat hain zuzen. Gu, Orioko LH6.mailakook, gara aurrenak. Proposamen ezberdinak izan ditugu gelan eta denen artean Asier Landa elkarrizketatzea erabaki dugu. Asier DBHko Gorputz Hezkuntzako irakaslea da eta Zaraguetara etorri berria da. Soinketaz aparte, Realeko gazteen entrenatzailea ere bada.

Nongoa zara?

Zarauztarra naiz.

Zenbat urte dituzu?

43 urte ditut.

Badakigu Realeko gazteak entrenatzen dituzula, noiz hasi zinen horretan?

Orain dela 12 urte.

Zein da bereziki Realean egiten duzun lana?

Atezain gazteekin egiten dut lana.

Gaur egun ba al dago goi mailetan zuk entrenatu duzun futbolariren bat?

Lehenengo taldean Ander Bardaji –lasartearra– eta Toño Ramirez – errioxarra–.

Futbolaz gain, beste kirolik egiten al duzu?

Bat baino gehiago: txirrindularitza, korrika, judoa, uretako kirolak…

Eta kirolaz aparte, ba al duzu beste zaletasunik?

Bai, argazkilaritza. Orain dela bi urte ikastaro bat egin nuen eta ordutik aurrera zaletua naiz.

Soinketako irakaslea zara, zergatik aukeratu duzu Zaragueta eskola?

Gertutasuna eta eskola lasaia dela entzunda nuelako.

Zaraguetatik zer da gehien gustatu zaizuna?

Eskola txikia dela eta oso lasaia.

Eta gutxien?

Gorputz Hezkuntzarako toki murriztua. LH eta DBHkoek partekatu behar izaten dugu frontoia eta askotan DBHkoek kiroldegira joan behar izaten dugu.

Gustuko al duzu zure lana?

Bai eta nabarmendu nahi nuke Gorputz Hezkuntza ikasgai oso garrantzitsua dela, ez dut beste ikasgaiei garrantzia kendu nahi, baina Gorputz Hezkuntzak pertsona osotasunean hezten du.

Txikitan zein zen zure ametsa?

Futboleko jokalari profesionala izatea, eta, aparte, fisioterapeuta.

Ikasle ona al zinen?

Akademikoki nota normalak ateratzen nituen, gehiago egin nezakeen. Jarrera aldetik oso-oso lasaia nintzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide