Bakeolak bideratuta, hainbat herritar elkartzen aritu dira herrian

Karkara 2016ko urr. 3a, 14:48

Euskal Herrian horren sustraituta dugun gatazka politikoak eragindako zauria sendatzea du helburu Bakeolak, historian zehar barru-barruko orbain bihurtutakoak azaleratzea eta elkarrizketaren bitartez konponbidea bilatzea. Izenak berak dioen moduan, bakea lantzeko ekimena da Bakeola.

Bakeolak eta Udalak proposatuta, elkartu eta hitz egiteko prest agertu ziren sei lagun, ezberdinen arteko elkarrizketarako prest. 2015ean bildu ziren lehendabizikoz, Jesus Antonio Makazaga Manterola –Orio 1960–, Mari Jose Garate Etxeberria –Orio, 1963–, Iñaki Iturain Azpiroz –Orio, 1956–, Koro Sarasola Aldaz –Orio, 1954–, Eneko Dorronsoro Portularrume –Orio, 1972– eta Mirari Arriola Irizar –Orio, 1990–. Urtebeteren ondoren, beste urrats bat eman nahi dute: egiten dituzten topaketetara herritar gehiago bertaratzea nahi dute. Salatxo aretoko ateak parez pare irekita dauzkate, eta beso zabalik hartuko dituzte joaten direnak.

Taldeak hiru saio prestatu ditu udazkenerako Konponbidean al goaz Orion? izenburupean, hiru ostegunetan, Salatxo gelan. Urriaren 20 eta 27an, zine-foruma: Mujeres en construcción eta Glencree filmak emango dira, ondoren debatea sortzeko; eta azaroaren 4an, tailer bat egingo da: Oriotarron ordua. Herritar guztiak gonbidatuta zaudete.

Zer da Bakeola?

Maider Martiarena–arduraduna–: Aurreko agintaldian hasi ginen harremanetan Udalarekin, orduko alderdiekin. Ohartu ginen garrantzitsua zela bizikidetza plan baten baitan hainbat gai jorratzea, tartean bakearena; eta alor horretan herritarrei ibilbide bat eskaintzea erabaki zen. Seiko taldea sortu zen eta indarkeria politikoak eta terrorismoak eragindako bizipenak elkarri azaltzeko bildu gara. Hitz egiteko. Hildakoak eta haien familiak beti aipatzen dira, eta hori garrantzitsua da, noski; baina indarkeria politikoak baditu beste maila batzuk eta horretaz hitz egitea ere garrantzitsua ikusten genuen, horrek eragina duelako herritarrengan.

Nola askatu daiteke indarkeria politikoak eragindako kaltea?

Koro Sarasola: Kronologikoki hainbat gertakari historiko markatu genituen eta bakoitzak bere begiradatik kontatu zuen horiek gure bizitzan eta inguruan izandako eragina. Batzuk urruti sentitzen ditugu, beste batzuk gertuago. Segun eta minaren zein aldetan zauden, beste aldean dagoenari ez diozu horrenbesteko garrantzia ematen, baina horrelakoetan bakoitzak zer esan baduela ikusten duzu.

Martiarena: Gertaera baten ikuspegi ezberdinak mahai gaineratzen dira..

Sarasola: Baina, tamalez, gure artean ikuspegiak ez dira horren desberdinak. Urrutiago sumatzen dituzun pertsonak bertaratu ez izanak pena eman dit.

Zuk, Mirari, adinagatik besterik ez bada, gainontzekoak baino urrunago sentituko dituzu gertakari horiek...

Mirari Arriola: Gazteagoa naizenez, nik transmisioz jaso dudana kontatzen nuen bileretan. Ez dut besteek bezainbeste bizi. Kanpotik gehiago, eta gertutik azken hamarkada besterik ez. Aldi desberdinak bizi izan ditugu.

Familiarengandik jasotakoa beran ahotik ere entzuteak, beren perspektibatik, baliagarria egin al zaizu?

Arriola: Familian ez da asko hitz egiten horrelako kontuez. Kasualitatez bizipenen bat edo beste kontatzen dute, eta horrela izaten duzu horien berri; baina, oro har,gutxi hitz egiten da. Gune honetan gaiaz lasai hitz egitea lortu dugu, gune askea izatea, eta hori oso lorpen positiboa da.

Sarasola: Bai, bizipenak modu askean kontatzen ditugu. Gutxi edo gehiago, guztiak ondo moldatzen ginen. Aniztasunetik herren gelditu gara, motz, ez dugu asko eztabaidatu.

Baina taldea ez da itxia, ezta?

Martiarena: Ez, ez. Eta beste perspektiba batetik hitz egin zezaketenak gonbidatu ditugu eta batzuk animatu dira, baina agenda arazoengatik ez dute etortzerik izan.

Arriola: Orain bigarren pauso bat eman nahi dugu. Taldea zabaldu eta beste jende batek ere beren esperientzia kontatzea gustatuko litzaiguke.

Zuek, esaterako, nola izan zenun ekimenaren berri?

Sarasola: Guri bezala, beste 20 bat pertsonari bidali zien Udalak gutuna etxera. Nik ez nekien horretan zebiltzanik ere. Bizikidetza kontuak beste tokietan egiten zirela bai, banekien; baina ez hemen, Orion. Pentsatu nuen gune egokia izan zitekeela nik jasandako minaren aitortza eskatzeko eta kalte egin didatenei irekitzeko. Hasieran erreparoa ematen zidan, noski. Ez nekien nor egongo zen. Baina lagun batek esan zidan berari ere iritsi zitzaiola, eta hor egon behar genuela uste genuenez, animatu egin ginen.

Martiarena: Udalean zerrenda egin zen gaiarekin sentsibilizatuta egon zitezkeenena: mutilak, neskak, helduak, gazteak…, ahots desberdinak entzutea oso interesantea da.

Sarasola: Ados, baina berriz diot pena sentitu dudala ez garelako sentsibilitate guztietako jendea elkartu.

Eta, gutuna jaso eta gero, zergatik animatu zineten?

Arriola: Badakizu mina egon dela, jendeak sufritu egin duela. Min horri buelta ematea garrantzitsua da. Gainera, normalean, herriko ekimenetan parte hartzera animatzen naizenez, honetan ere bai!

Sarasola: Gauza bat neukan kontatzeko, nire bizipenak nituen zabaltzeko. Horregatik.

Arriola: Finean, denok jarri beharko dugu gure partetik egoera aldatzeko, aitortza bat emateko bizitakoari.

Eta balio izan du sentsibilitate ezberdinetako jendearen falta sumatu arren?

Sarasola: Guztiarekin ikasten da, baina pluralagoa izatea falta zaio…

Arriola: Akaso, kasu horretan, zailagoa egingo litzaiguke hitz egitea…

Sarasola: Baina horretarako gaude. Badakigu besteak ere sufritu egin duela, sufrimendua ez baita alde bakarrekoa. Arriola: Sufrimendua denontzat berdina izan da, guztiek sufritu dute.

Sarasola: Orio herri txikia da eta arraunagatik bakarrik ia herritik botatzen zaituzte. Gai honekin berdin gertatu zen. Hasierako hauteskundeetan jendea alderdi batekin ala bestearekin lerrokatu zenean, oso gauza itsusiak gertatu ziren.

Zergatik diozu hori?

Sarasola: Nik, nire ikuspuntutik, batzuek gauzak oso erraz izan dituztela ikusten dut. Ez naiz damutzen nire bideaz, baina jende batek ez du barkatzen. Orio zentzu horretan oso herri primitiboa izan da: arrauna, Ikastola/Zaragueta, politika… Zerrenda batean egoteagatik elkarte gastronomikoetatik atera behar izan dute batzuek. Eta gezurrak ere esan dira eta gezurrekin kalte asko egin da. Horregatik entzungo nuke gustura beste alde batetik ikusi dutenen iritzia. Batzuetan kalean, behar ez den tokian, erraztasun handiarekin hitz egiten dute. Gustura entzungo nieke espazio honetan.

Orioko bizikidetza hobetuko litzatekeela uste al duzue elkarri entzungo bazeniote?

Sarasola: Uste dut baietz. Zauri asko irekita daude eta jende batek gatza bota dio zauriari.

Martiarena: Herri guztietan gertatzen da hori. Baina askotan zuk bezala pentsatzen duenak ere bestelako ñabardura edo zertzelada batzuk ikusiko ditu. Zertzelada horiek beste baten ahotik entzuteak, parez pare zaudetela, beste ikuspegi bat ematen dizu.

Sarasola: Kontua da Orion guztiak ezagunak garela, guztiok dakigula zein den bestea. Orduan, pertsona bakoitza pentsaera batekin lotzen dugu…

Baina horiek aurreiritziak dira, ez du zertan zuk uste duzuna pentsatu…

Sarasola: Ez, horregatik gustatuko litzaidake gauzak aurpegira esateko aukera edukitzea. Ezkutuan ibiltzea erraza da, merkeegi atera zaie batzuei.

Eta nola animatuko zenituzkete orain arte parte hartu ez duten horiei?

Arriola: Beste prozesu bat hastera goaz. Prozesu irekia izango da eta beso zabalik hartuko ditugu.

Martiarena: Prozesu honetan zine-forum antzekoak egingo ditugu, adibidez. Eta horietatik abiatuta, ezberdinen arteko elkarrizketak sortzea da asmoa. Esan bezala, ateak zabalik ditugu.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide