Joan den urtean ospatu genuen Orioko Arraunketa Elkartearen 50. urteurrena –sorreran, Club de Remo Olímpico de Orio–. Patxi Sarasua, Antonio Campos eta abarrek elkarte berrirako jarritako helburuen artean ez zen azaltzen, zehazki behintzat, emakumeek lekua izango zutenik klub berrian. Hala ere, urte gutxira, 1970ko hamarkadan aritu ginenok, gogoan dugu herriko neska batzuk hurbiltzen hasi zirela barraka zaharraren ondoko ontziraleku mitiko hartara, Juan Luis Amilibiak egindako poliesterreko ontzi laranja haietan aurreneko arraunkadak ematera.
Urte asko igarota, eta denbora horretan klubetik neska asko pasa ondoren, esango nuke aurtengoan neskek, nolabait ere, elkarteak zuen zorra kitatu dutela. Kontxako 1970ko edizioan mutilek egin zuten moduan, 2016ko honetan neskak erakustaldia eman dute Donostian, eta Arraunketa Elkarteak zuen hutsune hori betetzea lortu dute. Alegia, euskal arraunaren estropada garrantzitsuenean punta-puntan, onenen aurka, lehiatzea. Orioren izena goi-goian jarri zuten gure neskek.
Kontxan maila gorena erakutsi duten San Juan eta Errenteriako Hibaika bezalako traineruen parean lehiatzea ez da lan erraza izan inola ere, baina gure neskek lortu dute; modu bikainean lortu ere. Aurreko urteetan zumaiarrek, getariarrek, tolosarrek, zarauztarrek eta galiziarrek bete duten lekua aurten Oriorentzat izan da. Baina ez da izan, ez, ohoreko txandan partaide hutsa. Sailkapen estropadan eta, batez ere aurreneko igandean, gure neskek goi mailako gorputzaldia eta arraunketa erakutsi zuten Donostiako badian, milaka eta milaka ikusleen aurrean.
Nesken prestakuntza eta arraunketa dotorea dagoeneko onartuta duen Kontxako banderan, oriotar neska arraunlariek, mutilen ahulaldia goxatzeko, herriaren ilusio eta grina piztea lortu dute. Urte askoan hala jarraitzea espero dugu zaleok. Mila eta mila esker, neskak.