“Errespetua da hiztegiko hitzik politena eta garrantzitsuena”
Zelebre ibili gara elkarrizketa egiteko tarterik topatu ezinda. Bere etxean hasitakoa moilako eskaileretan eserita amaitu dugu Karkara entregatu bezperan. Herriak arraun kontuak espero ditu baina Gaztañazpiren bizimoduak eta izaerak asko du kontatzeko erredakziotik eta tostartetik kanpo. Hizlari apartak orriotan kabitu ez diren kontu asko utzi dizkigu.

Zer moduz bizi da Gaztañazpi?
Ondo, uda ondo aprobetxatu izanaren sentsazioa dut. Neguko martxa hartuta, Auzolan saioan eta herri kiroletan ikusiko nauzue. Confuciok esaten omen zuen gustuko lana aurkitu eta lan egiteari utziko diozu. Horixe gertatu zait, gustura ari naiz. Aukeran presaka samar bizi gara, horixe txarrena.
Oholtza gainean ikusi zaitugu gazte festetan.
Zaletasun ugari izan ditut, zaletasunak eta kezkak. Musika aspaldi deskubritu nuen. Bere garaian Jose Ignazio Unanuerekin bost kanta ikasi nituen eskusoinuarekin. Orioko bandan jo nuen klarinetea Peronatarren esanetara. 2000. urtean gitarra ikastera joan ginen Gorka Etxeberria eta biak. Santurtzin entrenatzaile nintzela, bigarren urtean, saxofoi txiki bat erosi nuen, txinoa, eta ordutik dezente jo izan dut. Orain alaba trikitia jotzen hasi da eta gustuko dut gitarrarekin laguntzea. Azken urte erdian herriko gazte talde batekin jotzen dut Trapaila taldean.
Musika instrumentuak adina ofizio izan dituzu.
Piragua monitore aritu nintzen Txurrukan, hura izan zen nire lehen lana. Ez dakit pasatako lan guztiak oroituko ditudan: Victoria Eugenian pajarita jantzita zerbitzari, gerora Xanti tabernan ere bai, Botalekun zerran eta kamionetarekin aritua naiz, lehengusuekin ere bai. Ingeles kaxkar askoarekin amonei kafesneak zerbitzatu dizkiet Ingalaterran, marrubia biltzen aritua naiz Danimarkan, Areetako abokatu bulego batean traje eta guzti lan egin dut Plentziatik metroan joanda, AEKn euskara irakasle aritu naiz Bilbon, Barakaldon, Zarautzen eta Orion. Kale-inkestak egiten, euskara teknikari Tolosa eta Irungo epaitegietan, itzulpenak egin ditut... Bakarren bat ahaztuko zitzaidan.
Hainbeste aldaketak badu arrazoi konkreturik?
Eskola ona izan dira. Sinesten dut lan egiteak balioa duela. Ez zait inoiz patrikan mila pezetakorik falta izan, baina lan egin da. Garbi ikusi dut ez nuela abokatu izan nahi, baina bost urte karrera egin eta gero. Obra ezagututa ikusten duzu ahal dela beste zerbait egin nahi duzula.

Bidean zein esperientziak markatu zaitu gehien?
Arraunak. 11 urterekin hasi nintzen eta gizonak bezala tratatzen gintuzten, onerako eta txarrerako. Giro gordin hura izan zen gure eskola. Asko markatu ninduten arraunlari eskarmentudunek aldagelan egoteko eta hitz egiteko zuten moduak. Bigarren arrastoa Donostiako La Salle ikastetxera batxilergoa egitera joan nintzenekoa da. Oriotik atera eta Oiartzun, Hernani eta inguruko herrietako gelakideak izan nituen, Orion bizi ez nuen Euskal Herria ezagutu nuen, beste giro bat. Esaterako, garai hartan hasi nintzen Egin irakurtzen. Bi erreferentziak kontrajarriak dira, nolabait esatearren: ordu artekoa puskatu eta mundua jan nahia, baina arrauna zen gure aingura.
Behin, estutasun une batean, zugandik opari jaso nuen Eh Petrel liburua.
Julio Villarrek idatzia. Gerora jakin dut Orion familia duela, Dike Zaharrenekoak. Orain Eh Petrel euskaratzen ari naiz, noizbait amaitu behar dut. Orriotan unibertso oso bat dago, dena utzi eta segi dioena. Askatasun garrasi erraldoia da. Gaur arte ez dut egin, bizitza aurrera doa eta ez dakit egingo dudan, baina txikota denak askatu eta alde egin duen jendeak miresmena sortzen dit.
Gehitu nahi nuke, mundua ikusteko eta Orion aske sentitzeko duen moduagatik arrasto handia utzi didala Benito Lertxundik. Lehenbizi bere musika miresten nuen. Gerora, trainerutik konturatu ginen begira egoten zela eguna joan eta eguna etorri. Ordu asko egin ditugu elkarrekin.
Errespetu handia diozu zure gurasoen belaunaldiari.
Hala da. Gurea izango da Euskal Herrian lehenengo belaunaldia bere aurrekoekin hautsi duena. Ez diegu entzuten, ez dakigu beraien berri. Ez diegu galdetu taloa edo aparejua nola egiten diren. Esaterako, herriko arrantzaleek gorriak ikusi zituzten Azores irlara joan eta denboraleak harrapatu zituenean. Hogei urte pasa dira eta hori bizi izan zutenei ez diegu kontatzeko eskatu. Nik gustuko dut arrantzale, etxekoandre eta abarrekin berriketan lasai egotea. Adineko jendeak zer esan handia du eta esan indar handia du bere euskarak. Bestalde: adinekoak aintzat hartu, errespetatu eta balioan jartzen ez dituen gizarteak zer balio du? Besteak beste, helburu hori genuen Herri People saioan, Euskal Herria bere osotasunean erakustea, hiztun onak atereaz.

Bizitzan inflexio puntua komunikazioa ikasten hasi zinenekoa omen duzu. 28 urterekin sartu zinen komunikazio karrera egitera, neroni testigu.
Hasi eta berehala sentitu nuen hura zela nahi nuena. Nekerik gabe egiten nuen eskatutako guztia. Motibazioz gainezka tximista bezala atera nintzen lan mundura, indartsu. Berria egunkaria izan da nire eskola. Telebistan adorez sartu nintzen, kamera nola pizten zen jakin gabe, baina gauzak egiteko gogoarekin. Uste dut arraunak asko lagundu didala; aurkezpen txartel paregabea da Orioko arraunlari izatea. Albistegietan hasi eta Kresala izan zen aurreneko programa. Hori bai, inork ez dizu ezer oparitzen. Lanik gabe gelditzean neronek proposatu izan ditut edukiak: Senegalen izana naiz, Alakranara ontzian ere bai herriko adiskide marinela audio teknikari gisa ondoan dudala.
Telebistan audientziek agintzen omen dute. Presio handia sentitzen al duzue?
Tamalez, programa batek eskatzen zaion zenbakia ematen ez badu kendu egingo dute. Irizpide ia bakarra audientzia da. Oso mundu gordina da, ezegonkorra. Telebistako jendea audientziekin obsesionatuta bizi da. Nire ustez, kalitate galera dakar horrek, edozer da balekoa, Espainiako telebista kate pribatuetako ereduak hartzen dira. Ez da ahaztu behar EITB zerbitzu publikoa dela, audientziak kontuan izan bai, baina distantzia minimo bat ere hartu beharko genuke.
Audientziak aipatuta, Kontxako estropadek aparatua lehertu omen dute. Zein da sekretua estropadak Abaltzisketan ere intereseko bihurtzeko?
Shareak neurtzen du, ehunekotan, momentu horretan telebista ikusten ari direnen artean zenbat diren kate bat edo bestea jarraitzen ari direnak. Eguerdi partean kopuru totalak txikiagoak dira, baina ehunekoak izugarriak dira bai. Konparaketa egingo dugu. Futbolean Munduko Txapelketako finalak %40 lortzen du, Champions finalak %35. Kontxako estropadak %30aren bueltan dabiltza, beste kirol guztien gainetik. Arrauna pasioa da, gure izaeraren zati bat dago traineruetan, herrien arteko lehia, lehiak sortzen duen saltsa. Estetikoki oso ikuskizun harmonikoa da arrauna. Gainera, itsasoa eta natura erakusten ditugu.
Ez dago ondo nik esatea baina uste dut produktua asko hobetu dela. Euskal Telebistak apustua egin du arraunaren alde, Mikel Olazabalek lan handia egin du urte luzez eta aleka-aleka sartu dira hobekuntzak. Traineruaren arima harrapatzen dugu, barruko irudiak eta patroiaren ahotsa. Imajinatu futbolean jokalarien elkarrizketak entzungo bagenitu.

Olazabalek eta biok ahalegin handia egiten duzue gertatzen ari dena ulertarazteko.
Etxetik estropada ulertzeko pistak ematen saiatzen naiz: haizearen eta korrontearen norabidea eta indarra, olatuen maiztasuna, kaleen historikoa, estropada eremuan sortzen diren babesak... Teknikoki ere berdin. Patroiari "buka" entzuten badiogu azaldu behar da presa txarra dela arraunean, etxeko umeei azalpenak ematen zaizkien moduan azaltzen saiatzen naiz gainera. Hori bai, umetan barneratu genuen terminologia erabili nahi izaten dut. Arraunean ibiltzea izugarrizko euskaltegia izan zen guretzat. Katxoia, beaxoia, itsaso berdia, trapaila, barbarra, errexola... zergatik ez ditugu erabiliko?
Eroso al zabiltza? Lagunartean kontatu izan duzu Bermeon, Hondarribian, Sestaon, San Juanen eta hemen, Orion, kontu eske etorri izan zaizula jendea.
Eroso sentitzen naiz edukia beste edozein gai baino gehiago kontrolatzen dudalako. Baina iritzia ematea ere tokatzen zait eta hor hasten dira gorabeherak. Ez bustitzekotan hobe da etxean gelditzea, iritzia emateko konpromisoa hartu dudalako. Onerako edo txarrerako ni jarri naute. Asmatzen denean saiatzen naiz ondo egin dela esaten, puztu gabe. Zerbait gaizki dagoela ikusten badut aipamena egingo dut, baino ez zait gustatzen behin eta berriz esatea, gauzak gaizki doazenean arraunak berekin baitu zalaparta eta xextra. Barruan egonak gara eta badakigu zer den hori. Abantaila bat dut, zorionez: arraunarekin nituen zorne guztiak bere garaian atera nituen, ez nago inorekin haserre edo inori txarra desiratzeko. Herrietan kontu eske datozenei ere hori erantzuten diet, ez daukadala inoren kontra ezer. Egia esango dizuet, Orioren kasuan distantzia emozionala Filipinetara eramana daukat, gehiegi agian, baina lanean on egiten dit.
Askotan galdetu gabe jakiten ditugu gauzak, arraunlari, zuzendaritza kide eta entrenatzaileekin harremana daukagulako. Zer trataera eman behar konfiantzan esandakoei? Dena kontatu? Ez da erraza oreka aurkitzea. Bide batez, eta esan egin nahi dut, ez zait batere gustatu zenbait komunikabidek nola landu dituzten denboraldi amaierako arraunlari eta entrenatzaileen joan-etorrien albisteak. Konturatzen al gara kazetarion lanak ondorio asko dituela herrietan, arraunlariengan eta entrenatzaileengan? Errespetua zor diegu guztiei, hara, errespetua hiztegiko hitzik politena eta garrantzitsuena da.
Entrenatzaile lanarekiko errespetua aipatu duzu. Santurtzin entrenatzaile lanetan aritua zara bi urtez. Ez dugu lehen lanpostuen zerrendan sartu.
Asko ikasi nuen. Entrenatzaileen eta zuzendaritza kideen lana baloratzen ikasi nuen, eta arraunlariok, baita neronek ere, gurea bakarrik ikusten dugula. Ordutik miresten ditut urte luzetan entrenatzaile lanetan ari direnak. Esaterako, 43 urtean ari da Jose Luis Korta. Izugarria da entrenatzaile generazio gaztea egiten ari dena ere: Orbañanos, Salsamendi, Dani Perez, Joseba Fernandez presio handiko taldeetan ederki ari dira erantzuten. Entrenatzailea emaitzaren menpekoa da, telebista audientzien baitan dabilen bezala. Hara, ez dut sekula bi urte horietan adina estres izan, bizkarreko min sufritu edo hainbeste ile galdu...
Bestalde, ondo etorri zitzaidan herritik atera eta Orio urrutitik ikustea. Orduan ohartzen zara gure arraun historiaren handitasunaz: jendeak Oriori dion lilura ikusten duzunean. Baina konturatzen zara beste arraun unibertsoak ere badaudela, gurea bezain errespetagarriak. Nik ezkerraldeko arrauna ezagutu nuen Santurtzin, haientzat arrauna beste zerbait da, baina zerbait garrantzitsua da.

Derrigorra da herriko traineruari buruz galdetzea. Oraindik ez dakigu zein izango den entrenatzaile datorren urtean. Nola ikusten duzu kontua?
Errespetuz hitz egin nahi dut. Halere, uste dut, hitz egitea eta kritika egitea ona dela. Oraingo zuzendaritzak eta aurrekoek borondatez egin dute lana, ikusten ez dena eta esker txarreko lana. Urbietak eta ondokoek gazteekin egiten duten lana bakarra da, izugarria. Horrez gain meritu handia ematen diot krisi ekonomiko gogorra izanik klubak ondo eutsi izanari. Jende asko dabil agindutakoak ordaindu ezinik. Orain, proiektu irabazlea behar dugu. Bi akats nabarmen egin dira, nire ustez, azken hamabost urtetan. Batetik, entrenatzaileak hautatzerakoan betoak egon dira. Zein da onena, deabrua? Ekarri deabrua, are gehiago, ezinean gabiltzanean. Beste taldetara doazen arraunlariei sei edo hamabi mila euro kobratzea izan da bigarren akatsa. Proposamena egin zenean iritzi bera nuen: Klubak niri ez dit ezer zor, baina nik ere ez klubari. Niri asko eman dit, baina nik ere dena eman dut. Ulertzen dut bigarren urteko senior baten bila badatoz klubak defentsa eskubidea behar duela. Hasieran esan zen kasu guztiak banaka aztertuko zirela, baina gehienok ordaindu egin dugu. Azken hamabost urtetan Oriotik kanpora joan diren berrogeita hamar arraunlari inguru atzeko atetik atera dira. Horrek giroa kutsatzen du, eta arrakalak handitu du herrian.
Denona da ardura. Uste dut Orion arraunari buruz gogoeta publiko gutxi egiten dela, modu antolatuan eta errespetuz politiken errepaso bat egitea osasungarria litzateke. Ikasi beharko genuke gaiak natural lantzen, guztiok. Gaur arte norbere interesa defendatu dugu sutsuki. Ez da arraun elkarteko zuzendaritzaren arazoa bakarrik, Orioko arraun unibertsoa kluba baino zabalagoa da. Baliatu dezagun. Orioren ibilbidea aztertzen baduzu une historiko txarrenean gaude. Bederatzi urte behar izan genituen azken Kontxako bandera irabazteko, orain beste hamar goaz irabazi gabe. Liga ere ez dugu inoiz irabazi, tartean jaitsi ere egin ginen. Erreferentzialtasuna galdu dugu. Orion, historikoki, irabaztea izan da lehentasuna, pixkanaka gazte jendea sartu izan da traineruan baina proiektuak maila galdu gabe. Azken urtetan Hondarribiak egin du hori. Galdera erantzun dezagun: gaur erakargarria al da Orio proiektua arraunlarientzat?
Agerraldia egin zenuten arraunlari mordoxkak Donostiako Udalak 1939. urteko bandera palmaresetik nola kendu duen salatzeko. Donostiako Udalak batu ditu denak.
Hori da arrauna eta hori da Orio. Elkarrekin hitz egiten ez duen jendeak bat egin du gure arbasoek urtean lortu zutena defendatzeko. Haserre aurpegiak daude argazki horretan, eta ez da gutxiagorako. Urtetan banatu egin gaitu arraunak, argazkian batu gara. Hori da bidea, ez dut zalantzarik.