Udalbatzar lasaia izan zen irailaren 27an, asteartean, egin zutena. Gai zerrendako zazpi puntuak aho batez onartu zituzten eta ez zen eztabaida handirik egon.
Hasteko, Orioko udal langileek 2014ko ordainsarietan kobratutako %1eko igoeraren diru-kopurua –guztira 20.273 euro– udal diruzaintzari itzultzea eta 2016an Orioko udal langileen ordainsariak %1 igotzea erabaki zuten aho batez. Gai horiek irailaren 21ean egindako Ogasuna, Pertsonala eta Kalitateko batzorde informatzailean landu ziren.
Kale garbiketa eta hiri hondakin solidoen bilketa eta garraio zerbitzuen kontratazioak esleitu zituzten ondoren. Irailaren 16an egin zen kontratazioaren mahaia eta kontratazioak FTC enpresari ematea erabaki zuten, puntuazio altuena lortu zuelako. Kale garbiketaren kontratua 309.919,49 eurokoa izango da, B.E.Z. barne, eta hiri hondakin solidoena 190.823,12 eurokoa, B.E.Z. barne. Bi puntuak aho batez erabaki ziren udalbatzarrean.
Kaleratze gabeko herria
EH Bilduk eta PSE-EEk mozioa aurkeztu zuten pobreziaren eta desberdintasunaren kontrako neurriak hartzeko. Mozio hartan, Orio kaleratzerik gabeko herri deklaratu eta etxebizitza galtzeko arriskuan dauden familiak babesteko programak martxan jartzeko konpromisoa hartzen zuen Udalak.
Udalak hartutako konpromisoen artean honakoak daude: lehen etxebizitzako kaleratzeak geldiarazteko eta, behar izanez gero, bizileku bat izateko, beharrezko diren baliabide eta neurriak hartzea; etxegabetzeak saihesteko jarduerak koordinatuko dituen pertsona edo organismo bat izendatzea; herrian –eta herritik kanpo– jarduten duten finantza erakundeekin harremanetan jartzea fede oneko zordunen kaleratzeak geldiarazteko eta jabetzan dituzten etxebizitza hutsak alokairu sozialeko programa publikoen zerbitzura jar ditzatela eskatzeko; kaleratze baten abisuaren aurrean finantza edo administrazio erakundearekin bitartekotza egitea etxegabetzea geldiarazteko.
Alderdi guztiek eman zioten mozioari aldeko botoa. Gaiaren harira, Aizpea Ubegunek –EH Bildu– Udalean kaleratze kasuetarako protokolo bat badagoela aipatu zuen, 2013an onartutakoa, eta Orion gertatu berri den kasuan ez zela aplikatu azpimarratu zuen.
1939ko biktimen omenez
Irailaren 20an 80 urte bete ziren tropa faxistak Orion sartu zirenetik. Horren harira, lau alderdiek mozio bat aurkeztu zuten herritar baten eskariz. Bertan, gerra anker haren ondorioz latz sufritu zuten oriotar guztiak eta 36ko irailera arte Orioko herritarren ordezkari politiko izan ziren zinegotziak gogora ekarri zituzten.
Hondakinen mahaia eta pobreziaren inguruko azterketa
Galderen eta eskarien atalean, Ana Priedek –PSE-EE– pobreziaren inguruko azterketa egiteko 1.000 euroko partida onartua zegoela eta hori martxan jartzeko intentziorik ba ote zegoen galdetu zuen. Alkateak, uda aurretik horrelako azterketak egiten dituen pertsona batekin kontaktuan jarri zirela eta hurrengo astean berarekin bilduko direla erantzun zion. Horren harira, Emeterio Iribarrek –EH Bildu– azterketa horren esleipena egiteko Udalak bazituela teknikariak aipatu zuen.
Azkenik, Gotzon Igoak –EH Bildu– hondakinen mahaia deitzeko asmorik ba ote zegoen galdetu zuen eta 2016ko azaroan deialdia egingo zutela erantzun zion Angel Del Hoyok –EAJ–.