Xanti Zabaleta: "Baietza ematera, batik bat, izandako talde giroak bultzatu nau"

Karkara 2016ko ira. 29a, 08:05

Arraunaren uretan urte mordoa daramatza Xanti Zabaletak. Emakumezkoak entrenatzen, ordea, lehen denboraldia egin du aurten. Orain arteko oinarriari zukua ateratzea lortu du eta gorantza zegoen taldeari oraindik gorago joateko bultzada eman dio. Datorren urtean ere taldearen gidaritza emango du.

Datorren denboraldian ere entrenatzaile lanetan jarraituko duzu Orion. Zergatik eman duzu baiezkoa?

Zalantzak izan ditut hasieran, baina, bereziki, pertsonalak izan dira duda horiek. Urte guztiko konpromisoa hartu behar da baietz esanez gero, eta horregatik izan ditut zalantzak. Baina, gero, hausnartu egin dut eta pentsatu dut egokitu naitekeela beste urte bete egiteko. Eta baietza ematera, batik bat, izandako talde giroak bultzatu nau. Gustatuko litzaidake, posible bada, ehuneko handi batean, talde horri eustea datorren denboraldian. 

Aurtengoa denboraldi berezia izan da zuentzat, koska bat gora egin duzue. Zer nolako lanketa egin duzue hori lortzeko?

Zaila da galdera horri erantzuna ematea. Martxoa inguruan hartu nuen testigua. Aurretik lan bat eginda zeukan talde honek, eta, urte honetan, baliabide guztiei zukua ateratzen saiatu gara. Lehenago lortutako emaitzak, akaso, ez ziren maila altuenekoak, egin dudan oinarrizko lan hori garrantzitsua izan da oso. Lan horregatik ez balitz ez nituzke lortutako emaitza horiek lortuko. 

Jon Salsamendik ere esan zuen Kontxan gehien ahrritu zuen taldea, teknikoki, zuena izan zela. Primeran egiten zenutela arraun.

Urtetan zehar landu den kontu bat da. Nik ere garrantzia eman diot horri. Zertzelada edo zehaztasun txiki horiek landu ditugu, gero emaitza horiek lortzeko. Lan gogorra dago horren atzean, azkenean astuna ere egin daitekeena arraunlarientzat. Behin eta berriz errepikatu ditugu gauzak, pertseberantzia askorekin. 

Besteei irabazteko, ordea, indarra da falta izan duzuena?

Faktore asko daude irabazteko ezinbestekoak direnak: indarra, lan taldea... Hibaika eta San Juan ez dira atzo goizean sortutako taldeak. Urtetan lanean aritu diren taldeak dira, multzo bati eustea lortu dutenak eta horri jarraipena eman dietenak 2-3 urtetan. Eta horrek ere eragina du, horrek abantaila eman dezake.

Gure kasuan, egin behar duguna, ahal bada, multzo horri eustea da eta hartutako bidean lanean jarraitzea da, garatzeko.

Herrian ilusioa piztu zenuten, Orion fokua mutilen lehen traineruan jarrita dagoenean...

Egia da ilusioa eta grina piztu direla. Baina, nire ustetan, horretarako lagungarria izan da mutilen traineruak espero ziren emaitzak ez lortzea. Baina, nik daukaten sentsazioa zera da, emakumezkoen arrauna garatzen ari dela eta bere lekua irabazten ari dela. Hori garrantzitsuagoa da.

Tira-bira dezente izan dira berdintasuna ardatz hartuta. Zuk nola ikusten duzu gaia?

Nik uste dut emakumezkoen arraunak orain arte izan ez duen presentzia izan duela eta hori lagungarria da pixkanaka-pixkanaka, beren abiaduran, aurrera egiteko. Gaur egun nesken artean dagoen lehiakortasuna oso handia da eta hori da gakoa. Lehiakortasuna geroz eta handiagoa bada, interesa ere handiagoa da. Hori emakumezkoen arraunaren mesederako da. 

Kirol hau praktikatzea ez da erraza. Konpromiso asko eskatzen du. Eta zentzu horretan zaila da arraunean urte luzez egitea, oinarri sendoa sortzea. Pixkanaka emakumeak ari dira horretan. 

Batzuek berdintasuna kopuruetara eramaten dute. Kontxan ere hori gertatu da. Lau talderen ordez zortzi taldek hartu duzue aurten parte. Hori positibotzat jotzen duzu?

Kontu hori politika alorrekoa da eta ez dut hor sartu nahi. Nire ustez zentzuz jokatu behar da, gauzak sen onarekin egin behar dira eta ez bestearekin alderatze hutsagatik. Norberak bere lekua bilatu behar du eta denon errespetua izan behar du. Gehitzeko den guztia, ongietorria izango da. 

Arraun taldeen kopuruak gora egiteak arraunean geroz eta neska gehiago dabiltzala ere esan nahi du. Baina oraindik sendotzeko denbora behar da, ezta? Urteak arraunean daramatzan hainbat arraunlarik utziz gero, hanka motz gelditzen baita ordura arte lortutako lehia.

Arraunean jarraitzea oso zaila da. Taldeak oso aldakorrak dira. Urte batetik bestera multzoak jarraituko duela ziurtatzea oso zaila da. Orduan, arazo horren irtenbideetako bat, gazte mailetan lanketa bat egitea da, harrobia lantzea; kategoria baxuagoetan arraunlariak egitea, gero, emakumezkoen goi mailatan lehiatu ahal izango dutenak. Hori garantia bat izango litzake urteetan lan egiteko. 

Orain epe motzerako konponbideak bilatzen dira eta azpitik lanketa bat egitea, etorkizunera begira, epe luzerako soluzioak bilatzea izango litzateke. Maila baxuagoan lanketa bat egin, arraunaren kultura hori sartu eta oinarri solidoa lortuz gero, iturri horrek emana izango du.

Zuen taldean multzo handi batek jarraitu du, urtez urte. Datorren urtera begira ere, multzo horrek jarraitzea espero al duzue?

Nire jarraipena egun hauetan konfirmatu dut. Orain, nire asmoa, aurten nirekin aritu direnekin biltzea da eta talde horrekin lanean jarraitzea da. Taldera jende gehiago batzea ere ondo legoke, estu ez ibiltzeko, eta aurrerantzean, denboraldi bakoitzaren amaieran, gorabehera hauek ez izateko.

Zuk, pertsonalki, zer helburu duzu datorren denboraldiari begira?

Helburuak jartzea erraza da, baina helburu horiek bete egin behar dira gero. Lan talde aberatsa lortu nahi dut, lanerako gogoa duena, lehiatu egin nahi duena. Gero jarriko ditugu kirolari dagozkion helburuak, noraino iritsi dezakegun ikusten dugunean, baina egunetik egunera egin nahiko nuke lan. Baina, tira, aurten egindako bidean aurrera jarraitu nahiko nuke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide