Arrauna: 2016-2017

Mikel Orbañanos:”Errespetu handia zor zaie arraunlari gazteei, eta, horretan, erreferente izan dira arraunlari beteranoak”

Karkara 2016ko urr. 5a, 08:06

Argazkia: EiTB

Helburuak markatzerako garaian, Hondarribiaren sustraiak ardatzean hartzen ditu, hau da, Ama Guadalupekoaren neurriko helburuak jartzen ditu. Helburu horien neurrira egindako taldea osatzen dute, beti ameslari, baina hankak lurrean jarrita. Hitzak ere neurtzen ditu, baina gai da luze eta zabal hitz egiteko.

Dena berde kolorekoa ikusten zen, baina azkenean ez duzue ez Kontxarik eta ez Ligarik irabazi...

Hala da, bai. Aurredenboraldiko eta liga hasierako estropadak ondo atera zitzaizkigun eta martxa ona hartu genuela egia da. Garaipen horiek kuantitatiboki asko baziren ere, aurkari zuzenari, Urdaibairi, ez genion abantaila handia ateratzen puntuei dagokionean. Berak gora egin zuten denboraldian zehar. Gu nahiko erregularrak izan gara, baina pare bat akats egin ditugu eta, amaieran, huts horiek erabakigarriak izan direla uste dut.

Indartsu hasi zineten eta maila horri eutsi zenioten, baina Urdaibaik koska bat gora egin zuen...

Gure sentsazioa zen hasieratik ondo gebilela eta, aurrera egin ahala, zertxobait ere hobetu genuela. Kontxako estropadari begira, adibidez, hobetu genuelakoan geunden. Gertatzen dena zera da, behin ondo zabiltzanean, hobekuntza horiek minimoak direla, bereizteko oso zailak direla. 

Erregularrak izan gara, bai. Baina bukaeran Urdaibai ia-ia geldiezin batekin topatu ginen, ordura arte ikusi ez genuen Bermeo batekin...

Irabazi ez arren, irabazleen gisan aritu zarete. Balorazioak, hala ere, emaitzen arabera egiten al dira?

Balorazi oso ona egiten dugu. Bukaerako emaitzak hori ez esan arren, denboraldi ia biribila egin dugu. Denboraldi handia izan da aurtengoa. Bandera asko irabazi ditugu eta, horrez gain, hiru txapelketa ere irabazi ditugu. Alde horretatik, gure lana egiteko filosofiarekin, horrelako elkarte batentzat, asko da.

Alboan izandako aurkaria ikusita, berekin lehian egote hutsa denok sinatuko genukeela uste dut. Liga amaieraraino iritsi gara aukerekin, berekin lehia estua genuela. 

 

Kontxa eta Liga, bietako bat irabazita, ginga jarriko genioke egindako denboraldiari, hori bai. Baina tira, ez da posible izan. Hala ere, ez dugu porrot baten gisan ikusten. Kirolean batek irabazten du, batek bakarrik, eta ez da erraza irabaztea. 

Zuen maila onaren oinarrian zuen filosofia, harrobia, dagoela diote askok. Zuk ere hori esan berri duzu...

Beste filosofia guztiak errespetatuz, iruditzen zait, azken urteetako garaipen bat izan dela gazte mailetatik ateratako arraunlari kopurua. Lan egiteko modu honekin emaitza onak lortu ditugu, eta uste dut horrek balio handia duela. 

Herrian hori eskertuko dute...

Garrantzitsua da herri bat bertako traineruarekin identifikatuta sentitzea. Horrek esan nahi du bertako arraunlari asko daudela taldean, beraz, garrantzitsua da.

Traineruan etxeko asko dituzue, baina baita kanpotik joandakoak ere. Bien arteko oreka ezinbestekoa al da?

Garbi daukagu garaipen hauek guztiak ez genituzkeela lortuko kanpotik etorritako arraunlari horiek gabe. Balio erantsia eman die taldeari. Oreka bilatzen saiatzen gara, eta, uste dut, oreka horretan etxekoak edukitzea ere ezinbestekoa dela. Askotan ez da erraza. Aukera ematen badiozu etxekoei, beti ez da erraza emaitza lortzea; baina hor dago gure lana, gure eginbeharra.

Helduak eta gazteak ere badituzue. Hori ere garrantzitsua al da?

Oso garrantzitsua da. Kasu honetan behintzat, arraunlari beteranoek oso feeling ona izan dute arraunlari gazteekin. Sekretuetariko bat hori izan da. Errespetu handia zor zaie arraunlari gazteei, eta, horretan, erreferente izan dira arraunlari beteranoak. 

Hurrengo urtera begira, traineruan aldaketa asko espero al dituzue?

Gure helburua aurreko urteko arraunlariei aukera ematea izaten da. Errespetua zor diegu, beraz, lehenik eta behin, berekin kontatzen dugu. Urtero izaten dira bajak, baina, momentuz, ez digu inork esan utzi egin behar duenik. Baten batek ezezkoa ematen badigu, utzi egingo duela esaten badigu, orduan hasiko gara ordezkoen bila. Baina, printzipioz, iazkoei ematen diegu aukera eta horiekin saiatzen gara taldea osatzen.

Eta zuk, zer asmo? 

Momentuz nire asmoa Hondarribian jarraitzea da. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide