Atzo gauean argitaratu zuten prentsa oharra, eta honela zion: Udaibaik, Koroaren azken irabazleak, jakinaraztu du Jon Salsamendik ez duela Bou Bizkaiako gidaritzan jarraituko.
Agustin Aranburu Bermeoko presidenteak esan zuen Salsamendi han izan den azken lau urteak arrakastatsuak izan direla. 2013an iritsi zen Bermeora, eta, ordutik, Kontxako hiru bandera jarraian, Espainiako bi txapelketa, Euskadiko eta Bizkaiako beste bi txapelketa eta San Miguel Liga bat irabazi ditu Urdaibaik.
Bermeo uztearen arrazoia ez da profesionala, ez da kirol esparrukoa. Hori Salsamendik ere argi utzi zuen atzo KARKARAn argitaratutako elkarrizketan: ez daukat zergatirik Bermeo uzteko. Aukerarik onena da berriz ere estropadak irabazi ahal izateko.
Oharrean esan bezala, arrazoi pertsonalengatik utzi du Bizkaiko taldea Salsamendik. Bermeok nire alor pertsonala ezagutzen du. Ez da nik Bermeo utzi nahi dudala, baizik eta–agian– ezin naizela Bermeon egon. Arraunarekin zerikusirik ez duten kontuengatik da, esparru pertsonal eta intimokoak, alegia.
Bermeoko zuzendaritzak esker hitzak besterik ez ditu izan oriotarrarentzat: Urdaibai Arraun Elkarteak lau urte hauetan egindako lana eta izandako ardura eskertu nahi dizkio Salsamendiri. Etapa berrian zorterik onena opa diote entrenatzaileari eta, etorkizunean, Bermeoko ateak beti zabalik izango dituela gaineratu dute prentsa oharrean.
Urdaibai utzi eta gero, Salsamendik ez du argitu zein talde entrenatuko duen. Bermeori ezezkoa esanez gero, datorren astetik aurrera hasiko nintzake negoziazio horietan. Bilerak izan ditut, bai, baina beren proiektuak entzuteko besterik ez gara elkartu.