Zuk egindako film labur bat proiektatuko dute Surfilmaldian... pozik?
Bai, baina aldi berean urduri. Nire lana jendeari gustatuko ote zaion pentsatzen hasten naiz askotan, lehengo urtean Iñigo Gaitonek maila oso altua utzi baitzuen.
Zer erakusten duzu irudietan? Orion grabatutako oriotarrak al dira surfean ikusiko ditugunak?
Irudietan Orioko surflariak bakarrik azalduko dira, nola olatu txikiak, hala handiak surfeatzen. Bideo hau Orioko surflariei dago zuzendua, beraz, irudietan ez dago eliteko surf perfekturik, egunero Orion ikusten den surf maila baizik . Ia irudi guztiak Orion grabatutakoak dira, olatu handien zatia izan ezik. Zati hori Zumaian, izuztarrin –rokaputan–, grabatua baitago.
Ohitura handia al daukazu surf irudiak grabatzeko? Maiztasun handiz egiten al duzu?
Maiz joaten naiz hondartzara, nik libre daukadan guztietan, olatuak baldin badaude. Orduak igarotzen ditut han, bateria agortu arte edo argirik gabe geratzen naizen arte. Gehienetan bakarrik, baina beste batzuetan beste argazkilari batzuekin egoten naiz, Aratz Arregirekin edo Ritxirekin, esate baterako.
Grabazioa eta edizioa zure kaxara ikasi al dituzu?
Bai, baina laguntza ugari izan dut. Askok lagundu didate hobetzen. Ni grabatzen DBH 2n nengoela hasi nintzen. Lagun batzuk surfa egitera joaten zirenean nik etxean neukan kamara digitala hartu eta berekin joaten nintzen. Etxera iritxi bezain pronto movie makerrean sartu eta editatzen hasten nintzen. Gerora Urtzi Garmendiari esker editatzeko programa profesional bat lortu nuen eta oraindik horrekin jarraitzen dut. Denborarekin kamara hobeago bat izatea lortu nuen. Dirua aurreztu nuen eta reflex kamera bat erosi nuen. Aurten bilbon hasi naiz ikus-entzunezko komunikazioa ikasten, nire pasioa lan bihurtzeko asmoarekin.
Ostiral honetan proiektatuko den bideoa egiteko denbora asko hartu duzu?
Bideo hau fabore gisa eskatu zidaten, aurtengo Surfilmaldia festibalean proiektatzeko. Lana eskatu zidatenetik, ikasketak medio, ezin ezan diot nahi beste denbora eskaini. Editatzeko eta grabatzeko nuen denbora gutxia aprobetxatzen saiatu naiz, baina, hala ere, ez diot hasieran nahi nuena bezain besteko denbora eskaini. Ondorioz, ez zait espero bezala gelditu.
Eta emaitzarekin gustura al zaude?
Egia esan ez dut lortu nahi nuen bideoa, baina jendeari gustatzen bazaio ni ere gustura egongo naiz. Hurrengo urterako lan hobeago bat aurkezten saiatuko naiz!