Surf festibalean hartuko duzue parte, musikari zareten heinean, musika sortzen. Baina surfa ere gustuko duzu, ezta?
Surfzalea eta surflaria naiz. Eta, saiatzen naiz ahal dudanean uretara sartzen. Asko gozatzen dut, nahiz eta maila kaxkarra daukadan.
Surfa musika estilo jakin batekin lotzen da. Estilo horretako musika da joko duzuena?
Ez. Ez da surfarekin lotuko genukeen musika. Ez du zerikusirik Beach boys eta horrelako surfista taldeekin. Irudietan itsasoa ikusiko duzu, baina musikak desertura eramango zaitu.
Film baterako zuek sortutako soinu banda da jo beharko duzuena, ezta?
Gotzon Igoa surf filma antolatzen zebilela, zerbeza batzuk edan genituen elkarrekin eta ideia hori zuela esan zidan. Nik gustu handiz egin dut. Lanerako bideotxo bat aukeratu genuen: Orioko hondartzan kamera bat hondarretan, itsasora begira, grabatzen uzten da. Surfa egitera sartzen den pertsona bat ikusten da.
Erronka handia izan al da zuentzat?
Gustuko lana izan da. Aurretik Giranice taldeakin argitaratutako zenbait kanta erabili izan dituzte dokumental eta telebista saioetan soinu banda gisa. Baina film batentzat soinu banda egitea desberdina eta polita izan da.
Ostiralean izango da emanaldia. Denbora handia eman al duzue sormen lanetan?
Filma ikusi nuenean, nahiko garbi ikusi nuen eman nahi nion estiloa. Gitarra hartu eta pixkanaka zatiak lotzen joan nintzen eta, ondoren, Unai Odriozolarekin gau baten gelditu eta gitarra elektrikoa sartzeko eskatu nion. Nahi nuen hori azaldu nion eta berak berehala zertzelada politak jarri zizkion aurretik nik sortutakoari.