Errefuxiatuei laguntzeko kirol festa

Karkara 2016ko ira. 14a, 12:35

Bigarren Karela Festa antolatu du BPXport enpresak. Irailaren 17an izango da eta ateratzen den duten dirua Hotz Zarautz elkartearentzat izango da

Iaz antolatu zuen lehen aldiz BPXport enpresak Karela Festa solidarioa. Juneren Hegoak elkarteari laguntzeko egun osoko kirol festa antolatu zuten eta aurten berriz egingo dute jaia. Oraingoan Hotz Zarautz elkartearentzat izango da dirua.

Hotz Zarautz herri mailako talde bat da kanpalekuetan errefuxiatuen egoera hobetzen laguntzea du helburu. 150 boluntario baino gehiago dabiltza taldean lanean eta errefuxiatuentzat arropa, janaria eta produktuak biltzeaz gain, beste proiektu batzuk diruz laguntzen dituzte.

15:00etatik 20:00etara izango da festa irailaren 17an, larunbatean, eta haurrei eta helduei zuzendutako jarduerak izango dira bertan. Antolatutako jardueretan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Karela kiroldegian.

Iazkoak izandako arrakasta ikusita, indoor triatloia egingo dute batetik. Bizikleta estatikoan 2 kilometro, ergometroan kilometro 1 eta zintan kilometro 1 eta 200 metro egin beharko dituzte parte-hartzaileek. Triatloia herrikoia izango da eta gazte eta helduek parte hartu dezakete.

Jump eta spinning saioak ere egongo dira. Baita biak bateratuko dituen amaierako saio bat ere. DJ Arosen zuzeneko musikarekin egingo dute kirola saio horretan.

Umeen txokoa egongo da Karelan, haurrentzako jarduerekin: uretako puzgarriak igerilekuan, eskalada rokodromoan eta eskulanak egiteko gunea izango dituzte haurrek.

Hau da festaren egitaraua:

  • 15:00-16:00 – Indoor triatloia
  • 15:30-19:00 – Haurrentzat jarduerak
  • 17:00-17:30 – Jump kids
  • 17:30-19:00 – Helduentzako saioak: 30 minutuko spinning eta jump saioa
  • 19:00-19:45 – Jump-spinning saioa

Saio bakoitzean eta haurren txokoan parte hartzeko 3 euro ordaindu beharko dira. Azken saioaren prezioa 5 eurokoa izango da.

Zozketa solidarioa

Festarekin lotuta, zozketa solidario bat ere antolatu dute. Euro baten truke eros daitezke txartelak, eta herriko denda eta kirol talde ezagunen opariak zozkatuko dituzte. Txartelak Karela kiroldegian eta Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian daude salgai, eta zozketa irailaren 17an bertan egingo dute, 19:00etan, Karelan.

Babesle eta laguntzaileak

Festa aurrera ateratzen laguntzeko CaixaBanken Gizarte Laguntzaren diru laguntza jaso du BPXportek. 3.000 euro jarri ditu CaixaBankek. Orioko Udala eta KaleFit ere festaren babesleak dira.

Laguntzaileak, bestalde, hauek dira: Orioko Eroski Center, Itziar kirolak, Zipristin inprimategia, Izarra etxetresnak, Kepa Loidi harategia, Anarri opariak eta Zarauzko Udala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide