Orio eta arrauna: urtez urte egindako historia distiratsua

Antonio Campos 2016ko ira. 2a, 15:01

Azken urte hauetan herriko jendearen ahotan entzun izan dut Orioko traineruak oriotarrez osatuta egon behar duela eta bidea erraztu behar zaiela hori lortu nahi duten gazteei

Aspaldi honetan buruko mina sortzen didan kontu bat darabilkit buruan bueltaka eta, inoren aurka edo alde jarri gabe, zuei ondorengoa kontatzeko asmotan natorkizue gaurko honetan: gure gazteen protagonismoa goi-mailako traineruan.

Edozerekin hasi baino lehen, arraun klubak umetatik hasi eta arraunlariak senior bilakatzen diren artean egiten duen lana izugarrizkoa dela aitortu nahiko nuke. Hainbeste haur, material, entrenatzaile, helburu, lorpen … ez baitira errazak bide egokitik kudeatzen eta badirudi, gurean, nahiko ongi egiten dela lan hori. Baina bada –gure azken urte hauetako gazteen egoera ikusi eta ezagututa nabil oraingo honetan idazten– hobetzeko antzematen dudan zerbait: jubeniletatik eliteko kirol indartsu batera egiten da jauzia eta behar bada, jauzi hori egiten, oraindik, ez dugu asmatu.

Azken urte hauetan herriko jendearen ahotan entzun izan dut –ni neroni barne– Orioko traineruak oriotarrez osatuta egon behar duela eta bidea erraztu behar zaiela hori lortu nahi duten gazteei; noski, gazte horiek beharrezko maila baldin badute. Argi utzi beharrekoa delakoan nago, oriotarra esaten dudan bakoitzean, Orioko Arraun Elkartean sortu eta arraunlari bihurtzen den edonori erreferentzia egiten ari naizela.

Aurten, eskatzen ari ginen hori, abian jartzen hasi dira zuzendaritzatik, Aizperro eta bere mutilak medio. Zein da ondorioa? Gu –arraun zale porrokatuak– berehala urduri eta kezkatuta jartzen hasi garela eta bat baino gehiago, baita haserre ere. Agian, aspaldiko garaietako filosofia –helmugara lehena ez iristea, galtzea da; arraunean ez dago 2. edo 3. edo 6. posturik– oraindik ere presente daukagulako sortzen zaizkigu haserre, zalantza, urduritasun … horiek. Baina kontuan eduki behar dugu, gainerako klubak ere, lanean ongi dabiltzala eta gaur egungo garaiak ez direla Kanpa traineruak 90. hamarkadan lortutako bandera haien guztien garai berdinak.
Hala ere, lehena iristea ez den beste guztia galtzea dela pentsatzeak, Orioko Arraun Elkartea erraldoi egin duelakoan nago eta, beraz, hori ez nuke nahiko aldatzea. Bai ordea, funtzionamenduan jartzen diren proiektuei konfiantza eta betetzeko denbora tartea uztea. Azken finean, babarrunak eltzetik garaia baino lehen ateratzen badira, beti gogor eta jan ezinda ibiliko gara; alfer-alferrik zakarretara botatzen. Gure arraunlari gazteekin ere berdina gertatzen da: aukerarik eman ez eta badoaz aukera emango dioten beste norabait.

Guztiok dakigun moduan, historia ez da urte batean idazten; urteen poderioz baizik. Ziur naiz Hondarribiak, Urdaibaik edo beste edozein tripulaziok Oriok bezain beste Kontxa irabazterako, Oriok ere irabaziko dituela beste hainbat.

Oriotarrok pazientzia pixka bat gehiago behar dugu. Zaila izaten da egoera, badakit, baina arraunlariak euren lana ongi egiten duten heinean, gure klubaren historia handituz joango da pixkanaka eta uste dut, zuzendaritzak, Aizperrok eta bere mutilek lana patxadaz egiten badute, inolako gain- presiorik gabe –arraunlariak bizi duen egoeran nahikoa betebehar eta presio dituelako– lortuko dutela guztien artean babarrunak eltzetik ongi egosita ateratzea. Denbora da behar dutena; pazientzia eta nola ez, gure animoak!

Aupa Orio!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide