Lehen helburua, Kontxara sailkatzea

Karkara 2016ko ira. 1a, 12:03

Gaur, ostegunarekin, Kontxako estropada jokatzeko sailkapen estropadak izango dira. Arratsaldeko 17:30ean izango da emakumezkoen estropada eta 18:00etan gizonezkoena.

Denboraldia hasi orduko buruan izaten duten arraunzale eta arraunlari guztiek Kontxako estropada. Hasiera batean urruti ikusten duten iraila iritsi da, ordea. Ate joka dago Kontxako estropada. Gaur, ostegunarekin, sailkapen estropadak izango dira eta datozen bi igandeetan, irailaren 4ean eta 11n, estropadak izango dira. Igandeetan 11:00etan hasiko da kirol lehia. Ordu horretan emakumeek egingo dute arraun eta, ordu bete geroaro, gizonezkoek.

Aldaketak emakumezkoen kategorian

Arantza kenduta dute, dagoeneko, Orioko emakume arraunlariek. Lortu zuten ia arraunlari guztiek begiz jota duten Kontxako estropadan parte hartzea. Aurten sailkapena den arren epe motzeko lehen helburua, aurreko urteetan baino eskurago ikusten dute Kontxan egoteko aukera. 

Horren arrazoi bakarra ez da taldearen maila, baita aurtengoan Kontxako estropaden baldintzek izan duten aldaketa ere. Emakumeetan lau taldek parte hartu ordez, zortzik hartuko dute parte, hau da, 10 ontzitik zortzi sailkatuko dira. Bi besterik ez dira geldituko kanpoan.

Lehen jomuga, Kontxan tokia izatea

Emakumezkoen hamar talde horiek bi multzotan sailkatu dituzte. Orio A multzoan izango da Hibaikarekin, San Juanekin, Caborekin eta Getaria-Zarautzekin batera. Ferrol, Colindre, Deustu, Hernani eta Hondarribia izango dira B taldean. Talde horietatik zazpi sailkatuko dira Kontxako estropadetara, zortzigarren sailkatua Donostiarra izango baita –orain arte gizonezkoetan gertatu bezala–.

Gizonezkoetan 24 ontzik hartuko dute parte. Kategoria honetan Orio ere A taldean izango da, Astillero, Bermeo, Cabo, Kaiku, Hondarribia, San Nikolas, Pasai Donibane, Sanpedro, Tiran, Zierbena eta Zumaiarekin batera. B taldean beste 12 ontzi daude Castropol, Ares, Puebla, Deustu, Getaria, Hibaika, Isuntza, Oiartzungo Itsaslapurrak, Ondarroa, Samertolameu, Pedreña eta Zarautz.

Sariak dirutan

Sariak izango dira emakumezkoen nahiz gizonezkoen kategorian; hori bai, emakumezkoen kasuan ekonomikoki ez dira horren sari potoloak izango.  Sailkapen-estropadan parte hartzen duten tripulazioentzat bidaia-sariak izango dira. Tripulazioaren egoitza Donostiatik 150 kilometrora badago –gehienez–, 500€ saria jasoko dute. 400 kilometrora badao, 750€ saria jasoko ditu eta 400 kilometrotik gora badaude beren herritik Donostiara 1.000€ saria jasoko dute. Kantitate horiek berdinak izango dira nola gizonezkoetan, hala emakumezkoetan.

Estropadetako emaitzen araberako sarietan daude ezberdintasunak. Emakumezkoetan, lehen sailkatuak Donostiako bandera eta banderaren erreprodukzioa jasotzeaz gain, 12.000 euroko ordainsaria irabaziko du. Bigarren sailkatuak 9.000€ jasoko ditu, hirugarren sailkatuak 7.000€, laugarren sailkatuak 6.000€, bosgarrenak 5.000€, seigarrenak 4.000€, zazpigarrenak 3.000€ eta zortzigarrenak ere 3.000€.

Emakumezkoen sariak

Lehen sailkatuak Donostiako Bandera, banderaren erreprodukzioa arraunlari guztientzat eta 12.000 €
Bigarren sailkatuak 9.000 €
Hirugarren sailkatuak: 7.000 €
Laugarren sailkatuak: 6.000 €
Bostgarren sailkatuak: 5.000 €
Seigarren sailkatuak: 4.000 €
Zazpigarren sailkatuak: 3.000 €
Zortzigarren sailkatuak: 3.000 €

Gizonezkoetan lehen sailkatuak kantitate bikoitza jasoko du, 24.000€. Horrez gain bandera eta banderaren erreprodukzioa ere irabaziko dituzte. Bigarren sailkatuak 15.000€ lortuko ditu, hirugarrenak 12.000€, laugarrenak 9.000€, bosgarrenak 7.000€, seigarrenak 6.000€, eta, zazpigarrenak eta zortzigarrenak 5.000€. 

Gizonezkoen sariak

Lehen sailkatuak: Donostiako Bandera, banderaren erreprodukzioa arraunlari guztientzat eta 24.000 €
Bigarren sailkatuak: 15.000 €
Hirugarren sailkatuak: 12.000 €
Laugarren sailkatuak: 9.000 €
Bosgarren sailkatuak: 7.000 €
Seigarren sailkatuak: 6.000 €
Zazpigarren sailkatuak: 5.000 €
Zortzigarren sailkatuak: 5.000 €

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide