Ondarroan hasi zen arraunean, baina Orion egin zituen hasierako urte gehienak Jon Iriondok –Ondarroa, 1976–. Beste hainbat taldetan ibili ondoren, bere herriko taldera itzuli zen iaz entrenatzaile modura. 2015eko denboraldian playoffaren atarian geratu ziren, baina, aurten, KAE1 liga irabazita, ate nagusitik sartu dira igoera estropadatan.
Hasteko, zorionak ligagatik. Denboraldi ederra egin duzue.
Eskerrik asko. Egia esan denboraldia oso ona izan da, hamabost estropadatatik hamahiru irabazi ditugu. Ametsik onenean ere ez genuen espero horrelako emaitzak egitea. Bi edo hiru bandera irabaztea espero genuen, baina hortik aurrerakoa sekulakoa izan da.
Zein zen zuen helburua denboraldi hasieran?
Iaz liga hirugarren postuan amaitu genuen eta lehenengo bi postuetan sartu eta playoffa jokatu ahal izatea zen gure helburua aurten. Ez dugu hori bakarrik lortu, bandera ugari irabaztea ere lortu dugu.
Bilbon gogor hasi zenuten liga, eta berdin bukatu duzue, Bilbon bertan.
Bai, Bilbon jokatu genuenerako irabazita genuen liga, baina denboraldia hasi bezala amaitzea planteatu genion gure buruari.
Horrez gain, erlojupeko estropada zenez, playoffera begirako test bat bezala planteatu genuen. Arraunlariak gehiegi lasaitzea ere ez da komeni, luze egiten da-eta playofferako bidea.
Abuztu hasieran etxean jokatu zenuten estropada, eta hori ere irabazi. Berezia izaten al da herrian bertan irabaztea?
Oso berezia izan zen, herri guztia joan zen estropada ikustera eta dena eman zuten. Gainera, hogeita bat urte ziren ez zela etxeko bandera irabazten. Beraz, guretzat oso garrantzitsua zen irabaztea. Oso polita eta hunkigarria izan zen.
Beste urteetan jende gutxiagok jarraitzen zituen estropadak, baina aurten mundu guztiak du interesa. Asko galdetzen digute estropadez, kamiseta guztiak amaitu dira... momentu honetan sekulako mugimendua dago Ondarroako arraun taldearen atzean eta polita da jendearen babes hori nabaritzea. Orion arraun egiten nuenean bizi izan nuen horrelako babesa, baina hemen ez hainbeste orain arte.
Zuek aurrean izanda, lehia nagusia Getariaren eta Donostiarraren artean izan da, bigarren postuagatik. Nola ikusi dituzu bi taldeak?
Azken estropadatan playoffeko postuagatik zuten lehia izan da garrantzitsuena, bai. Nik uste dut Getariak azken estropadatan zorte txarra izan zuela, Zarautzen, adibidez. Bestalde, azken estropadan Donostiarra gehiago izan zen eta berak irabazi zuten azkenean. Merezi, biek merezi zuten bigarren postua.
Iaz zuek izan zineten playoffaren atarian geratu zinetenak. Aurten, ordea, ate nagusitik sartu zarete.
Iaz bigarren egon ginen denbora askoan, baina azkenean indar pixka bat galdu genuen. Zumaiak denboraldi bukaera gogorra egin zuen eta tartean sartu zitzaigun, azkenean berak jokatu zuten playoffa eta igo egin ziren, gainera.
Guretzako iazko azken asteak nahiko tristeak izan ziren, urte guztian eskutan izandako playoffeko postua galdu genuelako. Baina, aurten, horri buelta emateko indarra eman digu.
Nola ikusten duzue zuen burua hemendik bi asterako?
Nik uste dut, ligan eman dugun maila emanez gero, aukerak baditugula igotzeko. Ziurrenik Portugalete izango da San Miguel ligatik etorriko dena eta uste dut bere maila antzekoan gaudela gu ere. Ez da erraza izango, baina igotzeko aukera badugula uste dut.
Eta beste taldeak, nola ikusten dituzu?
Momentu honetan TKE ligako taldea izango litzake gure aurkari zuzenena. Gero, Donostia behetik gora doa, Kontxako estropada du tartean entrenamendu gisara, eta ondo ibiliko dela uste dut.
Duda handiena galiziarrekin daukagu. Ez dugu erreferentziarik oraindik, eta ostegunean, Kontxako sailkapenean, ikusiko dugu gutxi gorabehera nola dabiltzan.
Kontxako estropada, beraz, neurria hartzeko estropada izango al da zuentzat?
Bai. Playoffari begira daukagu denboraldia planifikatuta, entrenamenduak ez ditugu Kontxara begira egin. Baina argi dago erreferentzia bat emango digula. Galiziarrak topera joango dira ostegunean, eta gu ere bai. Bakoitzak bere ondorioak aterako ditu eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Ilusioz al zaudete playofferako?
Erabat. Gure taldearen ezaugarri nagusia, indarra baino gehiago, ilusioa, gogoa eta anbizioa dela esango nuke. Jende gehiena oso gaztea da eta arraun egiteko gogo handia dute, horrek denboraldia aurrera eramaten asko laguntzen du. Taldeko giroa, momentu txarretan eta onetan oso garrantzitsua da.