Bigarren egin du Oriok Portugaleten

Karkara 2016ko abu. 30a, 09:01

Argazkia: Maider Celada

Denboraldiaren azken txanpan emaitza hobeak lortzen ari da A ontzia. Neskek hirugarren amaitu dute Gipuzkoako Liga.

Denboraldia amaitzera doala, hobekuntzak ikusi dira Orioren emaitzetan. Portugaleten jokatu zituzten pasa den asteburuko bi estropadak eta laugarren eta bigarren egin zuen horietan A ontziak.

Larunbatean Ambilamp VIII. bandera jokatu zuten. Bigarren txanda hasieratik menderatu eta lehenengoa izan zen Orio –20:02,46–, Tirani 11 segundo atera zizkion. Estropadako sailkapen orokorrean Urdaibai izan zen nagusi, 19:26,32 egin zuen eta Hondarribia baino bi segundo lehenago pasa zen helmugatik. Lehia biziaren ondoren, azken metroetan pasa zituzten bermeotarrek hondarribiarrak.

Igandean, XXXV. Noble Villa de Portugalete banderan bigarren egin zuen Oriok. Bigarren txandan nagusi izan zen 19:27,68ko denborarekin. Ohorezko txanda Urdaibaik irabazi zuen –19:20,22– eta Hondarribiari, San Juani eta Kaikuri aurre hartuta, bigarren egin zuen Oriok estropadako sailkapen orokorrean.

Bermeotarren asteburuko bi banderekin, Urdaibaik aurrea hartu dio Hondarribiari San Miguel ligako sailkapen orokorrean. 192 puntu ditu lehenak eta 190 bigarrenak. Liga nola amaituko den ikusteko irailaren 17 eta 18ra arte itxaron behar da; egun horietan jokatuko dira geratzen diren bi estropadak, Bermeon eta Portugaleten, hurrenez hurren. San Miguel ligako playoffak ere egun horietan jokatuko dira.

Hirugarren amaitu dute Gipuzkoako Traineru Liga

Orio AEko neskek Errenterian amaitu zuten Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga, abuztuaren 27an, larunbatean. San Juanek irabazi zuen estropada, 10:27,89ko denborarekin, eta Hibaika izan zen bigarren, bi segundo gehiagorekin. Oriok, hirugarren egin zuen, 10:42,82rekin iritsi zen helmugara.

Azken estropadan bigarren geratu arren, Hibaikak irabazi du liga, 100 punturekin, San Juanengandik puntu bakarrera. Orio hirugarren izan da hemen ere, 89 punturekin.

Euskotren Liga eta Gipuzkoako Liga bukatuta, datozen bi asteetan emango diote neskek denboraldiari amaiera, Kontxako estropadekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide