Euskadiko txapelketarekin eman diozue agurra zuen ibilbidearen fase bati. Gustura?
Oso gustura gaude. Zeanurikoa gure azken txapelketa izan zen, lau urtez aritu gara parte hartzen eta azkenean lortu dugu.
Urtean zehar egiten dira beste hainbat txapelketa, Gipuzkoakoak, Nafarroakoak... baina denboraldiko azkena izaten da Zeanurikoa, Euskadiko Txapelketa. Urteko txapelketa garrantzitsuena da hori, finala deitzen zaiona.
Hori irabaztea al zen zuen helburua?
Bai, eta bi aldiz lortu dugu. Iaz eta aurten, despedida ezin hobea izan da.
Emozio handiko eguna izan zen Zeanurikoa. Aitari bertso bat egin nion, eta berak ez zekien abestu egingo nuela. Lau urte hauetan inoiz ez dut abestu nik, beti Eneritzek egiten zuen, eta aitak askotan esaten zidan abesteko. Sorpresa handia hartu zuen entzun ninduenean.
Gero, nik ezer jakin gabe, Eneritzek niri abestu zidan bertsoa. Entseguetan askotan jotzen genuen abestia eta nik letra buruz nekien, baina txapelketan abesten hasi zenean eta letra ezagutzen ez nuela konturatu nintzenean harrituta geratu nintzen. Oso emozionantea izan zen.
Lau urtez aritu zarete txapelketaz txapelketa, zergatik esan diozue agur orain?
Txapelketatan parte hartzeko adin muga 21 urtetan dago eta guk 20 ditugu dagoeneko. Berez parte-hartu genezake beste urte batez baina uste dut bide batzuk itxi egin behar direla beste batzuk irekitzeko.
Lau urte eman ditugu txapelketaz txapelketa, eta orain edo gero itxi beharra zegoen bide hau. Guk orain ixtea erabaki dugu.
Euskadiko txapelketaz gain, beste txapel asko irabazitakoak zarete
Hamasei txapelketa irabazi ditugu lau urtetan. Hasi ginenean espero genuena baino askoz hobeto joan zaigu, egia esan. Lehenengo txapelketetara parte hartzera eta ondo pasatzera joaten ginen, baina txapelak irabazten genituela ikusi genuenean serioago hartu genuen.
Nolakoa izan zen parte hartu zenuen lehen txapelketa?
Hernanin izan zen, Oialumen, duela 4 edo 5 urte. Gazte gazteak ginen orduan, eta orain egiten dugunarekin desberdintasun handia zuen lehen egiten genuenak. Egin dugun hobekuntza nabarmena izan da.
Zer ematen dizu txapelketetan parte hartzeak?
Eneritz eta biok oso lehiakorrak izan gara beti, eta horrek aurrera jarraitzeko gogoa ematen digu. Ez baduzu besteekin lehiatzeko gogo hori ez duzu hobetuko. Gainera, horrela pasatzen dugu ondo, gure buruari helburuak jartzen dizkiogu.
Gero, lagun asko eman dizkigute txapelketek. Gure artean lehiakortasuna dago baina osasuntsua da, oholtzatik behera lagunak gara. Lau urte hauetan jende asko ezagutu dugu eta horrekin geratzen naiz.
Pena ematen al dizu txapelketak uzteak?
Izugarria. Astero entseatzeko geratzeko ohitura hartu dugu lau urte hauetan, kanta berriak ateratzeko eta ahotsarekin entseatzeko. Eta orain, bat batean, ez dugu hori. Aste bat pasa da eta sumatzen dugu falta.
Aurrera begira, proiekturik ba al duzu buruan?
Proiektu berri batekin hasteko ideia dut buruan. Ezin dut asko hitz egin oraintxe hasi bainaiz bueltak ematen. Baina argi dut soinuarekin jarraituko dudala.
Txapelketatan gure kantak aurkezten genituen. Kanta horiek publiko aurrean jo ditugu baina nonbait grabatuta geratzea nahiko nuke.
Lau urtetan txapelketaz txapelketa pandero jole berarekin ibilita, harreman estua egin al duzue?
Guk egindako bertso batean esaten genuen trikitiak anai-arreba egin gaituela. Lau urtetan denbora asko pasa dugu elkarrekin eta harremana oso ona da.
Zer da zuretzat trikitia? Zer ematen dizu?
Denok ditugu egun tristeak noizean behin. Hori gertatzen zaidanean trikitia hartzen dut eta eguna alaitzen zait. Penak uxatzeko instrumentua dela esango nuke. Gainera bere beharra daukat, ohituta nago egunero-egunero jotzera eta behar dudala nabaritzen dut.