Bosgarren Hondarribian eta hirugarren Castron

Karkara 2016ko abu. 22a, 09:27

Argazkiak: Maider Celada eta Joxemari Olasagasti

Zarauzko emaitzak baino hobeak lortu ditu Orio AEk asteburu honetan: bosgarren egin zuen Hondarribian eta hirugarren Castron

Denboraldia amaitzear dagoela orain artekoak baino emaitza hobeagoak lortu ditu Oriok pasa den asteburuan. Hondarribian jokatu zuten estropada larunbatean; etxekoei aurre hartu zien Urdaibaik eta bandera irabazi zuen,19:44,12ko denborarekin. Zortzi segundotara iritsi zen Hondarribia helmugara. Oriok bere txanda irabazi zuen –20:14,76– eta bosgarren postuan jarri zen.

Igandean estropada hobea egin zuen Oriok Castron. Bigarren txandan nagusitu zen, 20:16,38ko denborarekin, eta hirugarren egin zuen sailkapen orokorrean, San Juani aurre hartuz. Hondarribiak irabazi zuen bandera –19:55,92– eta Urdaibai izan zen bigarren –20:00,62–.

Kontxako estropadak baino lehen, beste bi zita ditu Oriok San Miguel ligarekin datorren asteburuan. Portugaleten izango dira bi estropadak, bai larunbatekoa, baita igandekoa ere.

Neskek ere, hobekuntza nabarmena

Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga amaieraren atarian dago. Azken bigarren jardunaldia izan zen larunbatean Colindresen jokatutakoa. Erlojupeko estropada izan zen eta Orioko neskek San Juani aurrea hartu eta bigarren egin zuten. Hibaikak irabazi zuen bandera, 10:40,29ko denborarekin. Orio 15 segundora sartu zen helmugan eta San Juan Orio baino 4 segundo beranduago iritsi zen.

Datorren asteburuan Gipuzkoako Ligako hamalaugarren eta azken jardunaldia jokatuko dute neskek Errenterian. Hibaikaren eta San Juanen artean dago liga irabazteko lehia. Oraingoz, Hibaika da liderra, 92 punturekin, eta San Juan du atzetik, 90 punturekin.

Amaitu dute KAE1 liga

Orio Bko mutilek XXXIX. Villa de Bilbao banderarekin amaiera eman diote KAE1 ligari.

Igande arratsaldean jokatu zuten estropada eta zazpigarren egin zuen Oriok, 20:36,78ko denborarekin. Ondarroak irabazi zuen bandera –20:06,42– eta, matematikoki liga ere irabazia zuenez, bigarren postuagatik izandako lehiak piztu zuen interes gehien. Getariaren eta Donostiarraren artean zegoen lehia, ligan bigarren geratzen zenak playoffa jokatu ahal izango baitzuen TKE ligara igotzeko.

Azkenean, Donostiarrak bigarren egin zuen estropadan eta Getariak bosgarren. Beraz, Donostiako traineruak jokatuko ditu igoera estropadak. Orio B taldea zazpigarren geratu da sailkapenean; B ontzietan lehena izanik, helburuak bete dituztela esan daiteke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide