Larunbatean igandean baino hobeto

Karkara 2016ko abu. 16a, 12:16

Argazkia: Maider Celada

Zarauzko Ikurrinak jokatu dituzte pasa den asteburuan TKE eta Euskotren ligako ontziek. Sailkapen orokorrean bosgarren egin dute mutilek eta hirugarren neskek

Ez da asteburu ona izan Orio AEko lehen ontziarentzat. Zarauzko XXXIX. Ikurrina jokatu zuten; estropada bikoitza eta denboraldiko garrantzitsuenetakoa izan ohi da Zarauzkoa. Ez dute espero zuten emaitza lortu: bosgarren egin zuten sailkapen orokorrean, baina atzean geratu ziren igandeko estropadan.

Urdaibaik irabazi zuen Zarauzko bandera, aste-bukaerako bi jardunaldietan lehenengo egin baitzuen –19:27,50 larunbatean eta 19:50,73 igandean–. Kaiku izan zuen atzetik larunbatean, zazpi segundora; igandean, Hondarribiak egin zuen bigarren, bermeotarrengandik zortzi segundora. Oriok bosgarren egin zuen larunbatean, 19:56,50eko denborarekin. Igandean, berriz, hamargarren egin zuten, Urdaibairengandik 42 segundotara. Bi egunetako emaitzak batuta, estropadako azken sailkapenean bosgarren geratu zen Orio.

Horrela, San Miguel ligako seigarren postuan dago Orio, 88 punturekin. Hondarribian eta Castron jokatuko dituzte TKE ligako hurrengo estropadak, datorren asteburuan.

Euskotren liga, San Juanentzat

Zarauzko VIII. estropadekin amaitu dute aurtengo Euskotren Liga Orioko neskek. Hirugarren postuari eutsi diote, eta horixe egin zuten Zarauzko VIII. estropadatako bi jardunaldietan.

Larunbatean Hibaikak irabazi zuen estropada –10:42,52–, San Juan bi segundo atzetik utzita. Oriotarrak hirugarren heldu ziren helmugara, 10:56,64ko denborarekin. Igandean ere hirugarren egin zuten neskek, baina lehen bi postuek buelta eman zuten. San Juanek aurrea hartu zion Hibaikari, eta hamar segundo aurretik pasa ziren helmugatik. 10:41,72 egin zuen San Juanek, 10:51,96 Hibaikak eta 11:03,54 Oriok. Cabok 11:18,36ko denbora egin zuen.

San Juanek irabazi zuen, beraz, bandera igandean. Baita Euskotren liga ere: zortzi estropadatatik sei irabazita, hirugarrenez irabazi du talde arrosak garaikurra.

Astelehenean, abuztuaren 15ean, Zarautzen jokatu zuten estropada berriz, Gipuzkoako ligakoa oraingoan. Hibaikak irabazi zuen bandera, 10.46,33ko denborarekin, eta aurrena doa ligan, baita ere. Oriok hirugarren egin zuen, hogei segundo atzetik. Bi estropada falta dira Gipuzkoako liga amaitzeko eta horietatik lehena Colindresen jokatuko dute datorren asteburuan.

Zortzigarren KAE ligan

KAE ligan bi estropada jokatu dituzte pasa den asteburuan; Castron igandean –abuztuak 14– eta Zarautzen astelehenean –abuztuak 15–. Ondarroak irabazi zituen bi estropadak.

Castron, 20:02,59 egin zuen Ondarroak eta Getaria bi lau segundora sartu zen helmugan. Oriok bederatzigarren egin zuen, 20:51,47ko denborarekin. Zarautzen, berriz, hamargarren egin zuen Oriok, eta zazpigarren Getariak. Sailkapen orokorrean zazpigarren postutik zortzigarrenera pasa da Orio B.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide