TKE ligako traineruek ez dute estropadarik izan pasa den asteburuan; nesken traineruak, berriz, Gipuzkoako Ligako bi estropada jokatu zituen. Larunbatekoa Ondarroan izan zen, eta bigarren egin zuten oriotarrek. San Juanek eraman zuen Ondarroako bandera, 10:49,20ko denborarekin; Orioko neskak 8 segundotara sartu ziren helmugan. Hibaikak hirugarren egin zuen, 9 segundo atzetik. Igandean Pasai San Pedron jokatu zuten estropada. Hibaikak irabazi zuen bandera –10:57,21– eta San Juan bigarren izan zen –11:05,00. Hirugarren postua lortu zuen Oriok, 11:22,77 egin zuen.
KAE1 ligakoek ere Ondarroan eta San Pedron jokatu dituzte estropadak asteburuan. Zortzigarren egin zuten Orio Bko mutilek larunbatean. Ondarroak irabazi zuen estropada etxean, 20:05,76ko denborarekin, eta Getaria izan zen bigarrena. Igandeko Pasaiako estropada ere Ondarroak irabazi zuen eta Orio, postu batzuk aurreratuta, seigarren izan zen.