Datorren asteburuan traineruen Espainiako Txapelketa jokatuko da Castro Urdialesen. Euskadiko txapelketan bosgarren egin zuen Oriok eta, Espainiakorako hiru plaza besterik ez zeudenez, ez zen sailkatuen artean sartu. Euskaditik Hondarribia, Urdaibai eta Kaiku sailkatu ziren.
Galiziako Cabo Da Cruz eta Tiranek uko egin diote Espainiako txapelketan parte hartzeari, eta baita horien atzetik zeuden Galiziarrek ere. Kantabrian plaza zuen Pedreña ere ez da han izango KAE1 ligako estropada baitu.
Plazak betetzen ez zirela ikusita Espainiako Arraun Federazioak plazarik ez zuten beste talde batzuk gonbidatu ditu txapelketara. Zierbenak eta San Juanek gonbidapena onartu dute eta Castron izango dira asteburuan. Oriok, ordea, ezetz esan dio gonbitari, denboraldi amaiera beste era batera prestatzeko asmoz. Beraz, Espainiako Traineru Txapelketan sei ontzi egongo dira: Hondarribia, Urdaibai, Kaiku, Zierbena, San Juan eta Astillero.