Orain arteko erritmoan

Karkara 2016ko abu. 2a, 09:59

Argazkia: Joxeju Olasagasti

Zazpigarren eta seigarren postuak lortu dituzte Orio Ako mutilek asteburuan, hirugarren egin dute neskek bi estropadatan

Sailkapeneko laugarren postutik seigarrenera jaitsi da Orio AEko lehen ontzia pasa den asteburuan, emaitzetan aldaketa handirik egon ez arren. Larunbatean San Pedron jokatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundia bandera, ohorezko txandan. Hondarribia izan zen ontzi azkarrena Pasaian, hiru segundo atera zizkion Urdaibairi eta hamabi Kaikuri. Oriok zazpigarren egin zuen, hogeita hamaika segundotara.

Igandean, XXXI Zumaiko Ikurriña estropadan, seigarren egin zuen Oriok; Hondarribia, Urdaibai, Kaiku eta Pasaiako bi ontziak aurretik izan zituen. Hondarribiak irabazi zuen estropada, 19:58:06ko denborarekin. Bermeotarrak izan zituzten atzetik, lau segundora eta sestaoarrak ondoren, hemezortzira. Orio 41 segundo atzetik geratu zen.

San Miguel liga 15 egun barru itzuliko da Zarauzko estropadarekin.

Konstantzia Euskotren Ligan

Batelerak, berdintasunean aitzindari bandera jokatu zuten Euskotren Ligako ontziek larunbatean Pasaian. Hibaikak irabazi zuen estropada, 10:45:22ko denborarekin. San Juan gertu izan zuten, bi segundora sartu baitzen helmugan. Oriok hirugarren egin zuen, hemeretzi segundora.

Konstante jarraituz, hirugarren egin zuten igandean ere, Zumaiako Euskotren V. Banderan. San Juanek irabazi zuen estropada Zumaian eta Hibaika hiru segundora iritsi zen. Oriotarrek hogei segundo gehiago behar izan zituzten helmugaratzeko.

Datorren asteburuan Ondarroan eta Pasaian izango dituzte estropadak neskek, biak Gipuzkoako Ligarako puntuagarriak. Bi aste barru, Zarauzko banderaren bi jardunaldiekin amaiera emango diote Euskotren ligari.

Bi jardunaldi lekeition

KAE ligakoek XXXI. El Correo Ikurrina jokatu zuten asteburuan Lekeition, bi jardunalditan. Ondarroak irabazi zituen bi estropadak, 20:32:04ko denborarekin larunbatean eta 20:19:47koarekin igandean. Getariak laugarren egin zuen bietan, eta Orio B ontzia zortzigarren geratu zen bai larunbatean bai igandean.

Zazpigarren postuan daude oriotarrak sailkapen orokorrean, eta hurrengo asteburuan Ondarroan eta Pasai San Pedron jokatuko dituzte estropadak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide