Aldaketa asko izan dituzue tostan eta tostatik kanpo aurten... Hasteko, Klaudiok utzi eta Xantik hartu du bere testigua.
Negua ondo hasi genuen. Printzipioz ia guztiok genuen jarraitzeko asmoa; baina, pixkanaka-pixkanaka, bajak hasi ziren. Hilabeteren buruan, lesio, ikasketa eta beste hainbat arrazoi medio, baja dezente pilatu genituen. Une gogorra izan zen hori. Horri entrenatzaile aldaketa gehitu zitzaion. Baina, tira, aldaketa hori ikuspegi positibo batetik begiratzea erabaki genuen. Aldaketak enfoke berri bat edo lan egiteko modu berri bat emango zigula pentsatu genuen, eta hori gauza positibo bat bezala hartu genuen; uste dut horrela izan dela.
Arraunlarien artean ere egon dira joan-etorriak...
Etorri direnek arnasa eman diote taldeari. Lehendik Orion ibilitako lau arraunlari etorri dira eta Zumaiako bi, horiek ere lehenago arraunean ibilitakoak. Neguan pittin bat justu ibili ginen, baina orain kopuru polita daukagu. 18 gara. 14 traineruan eta lau kanpoan.
Eta trainerua ere aldatu duzue, Txikiren ordezkoa da Branka.
Gustura gaude oso. Probatzeko aukera eman digute eta niretzat hori oso positiboa da. Probatu ahal izateak ilusio handia egin zidan. Ordura arte beti lehendabizikoak mutilak ziren eta guri ere probatzeko aukera emateak ilusioa egin zidan. Estropada batean erabiltzeko aukera ere eman ziguten eta gero denboraldi guztian erabiltzeko aukera.
Orain arte, normalean, mutilek izan dute beti gauzak probatzeko aukera. Eta guretzat, berak behar ez zutena izaten zen. Kasu honetan, traineru zahar horren ordez traineru berria edukitzea, paregabea da. Izugarrizko ilusioa egin zidan. Lasari eta guzti esan nion. Sekula ez dugu aukera hori izan eta norbait gutaz akordatzen denaren sentsazioa izan dut.
Oso desberdina al da lehen zenuten trainerutik?
Bai, diferentzia batzuk baditu. Bereziki gogortasunean desberdintzen da. Gurea horren zaharra zenez, gogortzera eraman zuten arren, biguna zen. Oraingoa zurrunagoa da. Pisu aldetik ere desberdinak dira, Branka dietan dago, 15 kilo gutxiago ditu.
Eramateko errazagoa, beraz, ez dituzue horrenbeste kilo mugitu beharko...
Gu ere, mutilekin alderatuz gero, tripulazio arina gara; beraz, ondo dihoakigu.
Emaitzetan ere aldaketa bat ikusten da, sendoago zaudete.
Iaz ere ondo geunden, baina aurten bloke sendoagoa gara uretan. Lehengo urtean laugarrengo postua zen gurea, beti hirugarrenarekin borrokan, baina laugarren. Aurten, ordea, hirugarren postu horretan gaude, bigarrenarekin lehian eta estropada burutik gertuago. Borroka horretan gaude.
Pasa den urteko denborekin alderatuz gero, denbora hobeak ari gara egiten. Estropada guztietan 11 minutuetatik ari gara jaisten. Bagabiltza. Kontua da besteak ere badabiltzala...
Helburuetan ere nabari da sendotasun hori. Iaz kendu zenuten Euskotren ligako arantza. Hori zen helburu nagusia. Aurten esku-eskura zenuten sailkapena...
Aurten ere helburu bat zen,baina ez ginen laugarren postuarekin konformatzen, sailkatze hutsarekin. Nik ez dut iazko tentsioa sentitu, bai ala bai sartu beharraren presio hori. Aurten ere sailkatu egin behar genuen, noski, baina horrez gain, bi hilabetetan zehar lehiakorrak izan nahi genuen.
Pasa den urtean helburu nagusietako bat Euskotren ligara sailkatzea zen. Indar asko jarri genuen horretan. Behin sailkatuta, gure onena eman genuen, noski; baina aurten sailkatzeaz gain, goran egon nahi genuen.
Badirudi zuen eta Hibaikaren artean apenas dagoela diferentziarik. Estropada batean berak irabazi dezakete, baina hurrengoan zuek aurrea hartu diezaiokezue...
Bigarren postua lortu dezakegu, bai. Kontua da Hibaika eta San Juan oso indartsu daudela. Aldaketak egiten dituztenean, posible ba baten batek huts egitea. Orduan gu hor egotea da garrantzitsua. Gurean guztiok egiten dugu arraun, txandaka; traineruak 18ekin funtzionatzen du. Besteak estropada horren ona egiten ez badute eta guk gure onena ematen badugu, urrats bat aurrera eman dezakegu.
San Juan koska bat gorago al dago? Euskotren ligako estropada guztiak irabazi ditu...
Nire ustez, San Juanek traineru zehatz bat ateratzen duenean, irabazlea da. Aldaketak egiten dituenean, ordea, ez du zertan irabazi. San Juanek ia ontzi berdina atera du Euskotren Ligako estropada guztietan. Oso aldaketa gutxi egin ditu. Arraunlari horiekin oso traineru indartsua lortzen du. Talde hori oso-oso ona da.
Hibaikaren kasuan, nire ustez, fisikoki gu baino indartsuagoak dira. Gu txikiagoak gara. Errioko estropadetan hori igarri egiten da.
Zergatik?
Ibaian indarra behar delako. Eta, orduan, Hibaikaren eta gure arteko aldea nabarmena da. Baina, tira, gu hor gaude eta gure onena ematen saiatuko gara.
Zuek urrats hori eman dezakezuela iruditzen zaizu, distantzia hori txikitu dezakezuela uste duzu?
Bai. Iaz Euskotrenerako topera geunden. Sartu eta ahal zena egiten ahalegindu ginen, mantentzen, irailean berriz ere topera egoteko. Aurten bestelako ikuspegi bat daukagu. Iruditzen zait bidea egiten ari garela, denboraldi guztian zehar hor goian egoteko. Euskotreneko sailkapenerako puntuan geunden, bai; baina udara guztiari begira ari gara lanean. Euskadiko txapelketarako, adibidez, gogo handia daukagu...
Esan daiteke iaz irabazteko aldeko asko eduki behar zenituztela eta aurten garaipena zuen esku gehiago dagoela?
Baliteke. Pasa den urtean gainera, beti laugarren egitea, telebistako irudian beti azkenak izatea, pisutsua egin zitzaidan. Iaz besteek huts egin behar zuten guk irabazi ahal izateko. Aurten, aldiz, guk estropada ona eginez gero eta besteek ez badute beren egunik onena, hor egon gaitezke. Telebistakoentzat gu hirugarrenak gara aurten. Baina guk uste dugu hori baino gehiago garela.
Tarte hori murrizteko, estropada itsasoan izatea hobea al da?
Beti diote atzetik dagoenak nahiago duela itsaso txarrarekin arraun egin... Baina tripulazioak ere eragina dauka. Gure kasuan, indar faltan gaude pittin bat, aurkariak baino txikiagoak gara. Errioan indarrak protagonismo handiagoa du –egun korrienteak guztiek menderatzen dituzte– eta itsasoan, aldiz, gauza gehiago hartu behar dira kontuan: olatuak, haizea, teknika...
Hortaz, zuek itsasoa nahiago duzuela ondorioztatu daiteke...
Nik nahiago dut itsasoko estropada, bai. Ez da horren errepikakorra eta horren gogorra. Ibaian indar gehiago behar da. Makinan aritzearen antzekotasun handia dauka. Pala sartu behar duzu eta tira. Itsasoan arreta gehiago izan behar duzu, baina olatuen laguntza daukazu. Akaso pala sartu eta olatuak eramaten zaitu. Entretenigarriagoa da.
Denboraldia hasi orduko asko Kontxara begira egoten dira... pentsatzen dut zuek ere buruan izango duzuela...
Aurten egia esan gauzak asko aldatzen dira. Euskotrenera San Juan eta beste hiru sailkatzen ziren iaz eta Kontxara lau. Denboraldi honetan, ordea, Kontxara zortzi ontzi sailkatuko dira. Galbahe hori, nesken kasuan, magiarik gabea izango da, nahiko erraza. Aurten sailkapeneko presio hori ez dugu izango. Gehienez 10-11 traineru aurkeztuko dira eta Donostiarra eta beste zazpi sailkatuko dira.
Beste urteetan sailkapena presiopean jokatzeak ez zizuen erretzen?
Astean bi estropada jokatzeak ez zuen horrenbesteko garrantzia, sailkapena zen presio gehien eragiten zuena. Guri gertatu izan zaigu bietatik kanpo gelditzea; Euskotrenetik kanpo gelditu eta udara guztian ezkutuko lana egiten ibili ondoren Kontxan sailkatzea; eta, lehengo urtean bezala, bietan sailkatzea. Aurten espero dugu bietan egotea. Euskotrenen bagaude eta Kontxan ere sailkatzea espero dugu.
Izugarrizkoa izan zen, adibidez, Euskotren Ligatik kanpo gelditu eta gero Kontxan sailkatzea. Indar handia ematen du horrek.
Galbahe hori lautik zortzira pasatzea ondo iruditzen zaizu?
Ondo iruditzen zait zortziek jokatzea, bai. Berdintasunerako pausoa da. Baina, egia da, lau horietako traineru bat izateko muga gainditzea, hori bizitzea, izugarria dela. Hiru aldiz bosgarren postuan gelditu gara eta laugarren postua lortu genuen urtean izugarrizko poza sentitu genuen. Hori besteek ez dute biziko, baina, egia da, berdintasunaren bidean, urrats positiboa dela. Hori bai, Euskotren Ligan ere hala izan beharko luke. Kontua da telebistari ez zaiola interesatzen...
Telebista negozioa delako...
Hori da. Batzuek esaten dute berdintasunaz ari bagara, distantziak ere gizonezkoen berdina izan behar duela... Une honetan, niri, distantzia berdina egitearena asko iruditzen zait; baina trainerilletan, adibidez, metro gehiago egiten ditugu.
Orain gizonezkoen erdia egiten duzue...
Hori da.
Gauzak asko aldatuko lirateke biek distantzia berbera egingo bazenute...
Guztiz. Bestelako azpiegiturak beharko genituzke. Telebistan ere denbora bikoitza egongo ginateke, baina hori ez da interesatzen. Berriz diot, ondo iruditzen zait zortzik parte hartzea eta horietako bat Donostiarra izatea; baina, momentu honetan, ez dago horrenbesterako lehiakortasunik. Ia ontzi guztiak sailkatuko dira, egun horretan okerren dabiltzan biak izan ezik.
Mutiletan traineru gehiago daudenez lehiakortasuna handiagoa dela esan nahi duzu?
Hori da.