Kosta Gastronomika esperientzia gastronomikoaren barruan, Bisigua Orio Estilora! bisita antolatu dute. Bisiten funtsa, bisigua Orio estilora kozinatzen ikastea da. Ostiralero egingo dira bisitak, Katxiña, xixario eta Joxe Mari bodegoian.
Lehen bisita uztailaren 22an egingo da, bihar, ostiralarekin. Eguerdiko 13:00etan hasiko da eta ordu beteko iraupena izango da. Bisitaren prezioa 25 eurokoa izango da helduentzat eta 15 eurokoa 12 urtetik beherakoentzat. Lehen bisita Xixario erretegian izango da, baina ostiralero jatetxea aldatuz joango da.
Bisitan bisigua Orio estilora nola prestatzen den erakutsiko da. Era horretara kozinatzeko sekretu guztiak kontatuko dituzte herriko parrilleroek. Errezetaren historia eta nondik norakoak ikasteaz gain, bisigua probatzeko aukera ere izango da.