Nor bere saltsan... eta zu, zurean?
Lauko bat izango gara, kuadrilla bat, eta Euskal Herritik barrena ibiliko gara. Festak erakusteaz gain –sanferminetan izan gara, adibidez–, orain arte horrenbeste ikusi ez diren gastronomia lehiaketak ere erakutsiko ditugu. Kuadrilla hori gastronomia lehiaketaz lehiaketa ibiliko da.
Bereziki Bizkaian ibiliko gara. Gipuzkoan ez dute han bezain besteko sona. Bizkaian jende ugarik hartzen du parte eta festa handia sortzen da horren bueltan.
Non, adibidez?
Orain arte bi lekutan izan gara: Mungian eta Urdulizen. Lehendabizikoan, gisatuaren 280 kazuela aurkeztu ziren. Bigarrenean, isatsaren 80 kazuela, adibidez. Bilbon ez gara izan, baina iaz patata tortilla lehiaketan 1.083 lagunek hartu zuten parte. Zifra altuak dira oso. Bizkaian beste tamaina bat dute horrelako festek...
Bizkaian beste era batera bizi dute, beraz.
Ni harrituta gelditu nintzen topatu genuenarekin. Gastronomi lehiaketen bueltan izugarrizko festa sortzen da. Kuadrillak goizeko 6:00etan joaten dira beren postua prestatzera, goizean goiz. Eta, postu batzuetan zerbeza cañeroak eta guzti zeuzkaten.
Beste istorio bat da. Oriotar batentzat Balearen Eguna izan daitekeen bezela, berak gastronomia lehiaketa daukate. Urtero izaten da.
Zuen lana, beraz, gastronomia lehiaketa horiek eta horien baitako festak erakustea izango da.
Hori da. Udararo egiten dira urte sasoi horrekin lotutako saioak. Urtero egiten da Jaiak saioa, adibidez. Iaz Kantu Giro egin zuten...
Eta zuk han ere lan egin zenuen, ezta?
Bai, hori da. Baina hura desberdina zen. Festa erakusten zuen, baina saioaren ginga karaokea zen. Programa honetan gastronomia lehiaketak izango du pisu gehien. Festa girotik atera gabe, Ipar lekeitiarra, Kari Bermeokoa, Ander Zumarragakoa eta lauok ibiliko gara furgoneta zahar bat hartuta batetik bestera, errezetak prestatzen.
Zuek ere kozinatuko duzue?
Guk parte hartuko dugu lehiaketa horietan, eta hor ere sortzen da saltsa. Saioa umoretsua den arren, izango ditu bere aferak. Lau pertsona gara, lau izaera, eta sekula ez dugunez talde lana egin, gure gorabeherak edukiko ditugu.
Zazpi saio, zazpi herri desberdinetan izango dira. Errezetak zehazteke dauzkazu, ez dakigu sei ezberdin ala zazpi izango diren. Eta, printzipioz, sei Bizkaian izango dira eta bat Gipuzkoan. Hemen ez dago horrelako ohiturarik, horregatik. Bizkaian, pentsa, liga bat eta guzti dago...
Gastronomia lehiaketen liga dago?
Bai, hori da. Diru asko mugitzen da, gainera. Gizon bat ezagutu dugu lehen bi egun hauetan lehendabiziko postuan eta bigarrengoan gelditu dena. Goxoa egiten du, horrela da; gustatuko zaizu ala ez, baina berak badaki zer egin lehiaketak irabazteko.
Ezagutzen ez zenuen esparru bat ezagutu duzu, beraz...
Hori da, bai. Nik ez nekien horrelako gaia existitzen zenik ere. Hemen –Gipuzkoan– ere egin daiteke. Herri batean lehiaketa martxan jarri eta inguruko elkarteetakoak etortzea nahikoa da.
Baina hori ohitura kontua da...
Bai. Eta ohitura hori, bereziki, Bilbo Handian dute. Han elkarteetako kideak mugitzen dira batetik bestera.
Eta zu, ohitu al zara pantaila aurrean jartzera?
Egia da nik pantailaren beste aldea ezagutzen nuela eta hori abantaila bat da. Gauzak behin eta berriz errepikatzen zirela banekien, adibidez, baina ez nekien horren nekagarria zenik. Gaur –uztailaren 12a– grabazio saio arina izan dugu, baina beste batzuetan saio gogorrak izaten ditugu. Goizeko 6:00etatik iluntzeko 21:00ak bitarteko bi grabazio izan ditugu, adibidez.
Kontua da ni kamera atzean egonda, gako asko badakizkidala, eta ez naizela horren urduri jartzen. Orain asko daukat ikasteke, baina laguntzen du telebistan arituta egoteak. Besteek, saioren batean edo bestean parte hartu zuten, baina ez zuten orain arte telebistan lan egin. Eta nabari da. Natural egitera jotzen zuten askotan eta horrek arrisku handia dauka. Baina lehen saiotik bigarrenera aldaketa asko nabaritu zen. Beraz, pentsatzen dut hobera joango garela.
Nola sortu zitzaizun telebistaren esparru berri honetan aritzeko aukera?
Herri People amaitzean, banekien udan ez genuela lanik izango. Produktorakoek saio hau egin nahi zuten eta ni bertako partaide izatea nahi zuten. Proposamena egin zidaten eta nik onartu egin nuen. Produktorak proiektua EiTBri aurkeztu zion. Badakizu produktorak zurekin kontatzen duela, baina ez dakizu EiTBk zer asmo duen...
Ez dakizu zure etorkizunarekin zer gertatuko den. Promozio-bideoa grabatu eta hilabete eta erdira jakin nuen EiTBk ere interesa zuela, baina, hala eta guztiz ere, kastinga egin behar izan nuen.
Zer egin behar izan zenuen hautaketa proban?
Zure mugak ikusteko erabiltzen dute kastinga. Galderak egin zizkidaten eta horrela nire profila ezagutu zuten, saioari zer ekarpen egin diezaiokedan ikusi zuten.
Kamera aurreko lanak egiten jarri al zintuzten?
Ez. Kastingean urduri negoen oso. Badakizu programan egon behar duzula, baina ez zaude ziur ea egongo zaren... Grabaketetan lasaiago egon naiz.
Asteazkenero emitituko duzue?
Bai, 22:15ean, Aste Nagusietan salbu. Donostiako eta Bilboko aste nagusietan ez da saiorik izango. Geldialdia egingo dugu orduan eta gero jarraituko dugu. Espero dugu jarraitzea, behintzat, ea datuak onak diren!
Zaila izango da ezbai hori kudeatzea, ezta?
Beti zaude ziurgabetasun batean. Goizero-goizero, jaiki eta lehen gauza, saioaren datua ikusten dugu. Ikusi eta interpretatu, noski. Jendearen pertzepzioak ere garrantzia du, batzuetan datua oso ona ez izan arren, saioa kalitatezkoa bada eta jendartean pertzepzio ona badu, etorkizuna izan baitezake saioak.