Orion jaioa zara, baina musikak Donostiara, Baionara, Lionera, Parisera... eraman zaitu.
Donostian hasi nituen ikasketak. Gerora, Baionan izan nintzen. Gero, Parisen igaro n ituen bost ute eta beste hiru urte Lionen. Ikasketek ez ezik, kontzertuek ere eraman naute batera eta bestera. Niretzat oso polita da hori, niri gustatu egiten zaidalako hara eta hona ibiltzea. Jende eta organo desberdinak ezagutzeko aukera ematen dit, gainera.
Baina, horrela nahi zenuelako ibili zara batetik bestera edo halabeharrez, musikaz bizitzeko ezinbestekoa delako?
Hemen organo pilo bat daude. Onak dira, gainera. Patrimonio oso ona daukagu Euskal Herrian. Kalitatezko organoak dauzkagu. Baina zuk eskola jakin batean ikasi nahi baduzu-edo, akaso, kanpora joan behar duzu.
Zu musika eskolako irakaslea zara, kontserbatorioko irakaslea zara, hain zuzen. Musika-ikasketen egoera osasungarria iruditzen al zaizu?
Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan nabil irakasle lanetan. Egia esan, ikasle askok utzi egiten dituzte musika ikasketak.
Zergatik?
Eskolan ordu ugari igarotzen dituztelako. Kontserbatorioan ere ordu asko pasa behar dituzte, beraz, askok utzi egiten dituzte ikasketak. Gutxi batzuk jarraitzen dute...
Benetan musika gustuko dutenek, ezta?
Hori da. Benetan musikazaleak direnek. Pasioa daukatenek jarraitzen dute, benetan bide horretatik jarraitu nahi dutenek.
Gurasoak gusturago sentitzen al dira seme-alabak ohikoagoak diren ikasketak egiten baditu sorkuntzari lotutakoak baino?
Bai, hori horrela da. Gurasoak lasaiago gelditzen dira semeak edo alabak ohikoagoak diren ikasketak egiten baditu. Beldur gehiago eragiten du sorkuntzarekin lotutako ikasketak egiteak. Eta gurasoek eragina dute haurren erabakian, bide hori oztopatu egiten dute.
Herrira itzuliko zara ostiralean, kontzertua emango baituzu. Berezia al da etxean jotzea?
Bai. Gogo izugarria daukat Orion jotzeko, ilusio handia egiten dit. Amonarekin eta aitonarekin joaten nintzen elizara haurra nintzenean, igandetan; eta, orain, eliza horretan joko dut. Organoa, gainera, polita da oso.
Organoa aipatu duzula... zer nolako organoa da Oriokoa?
Organo guztiak desberdinak dira. Haurrak bezalakoak dira. Nahiz eta guraso berdina eduki, anai-arrebak beti desberdinak dira. Organoak ere bai. Guztiek kolore eta pertsonalitate desberdina dute.
Organo polita edukitzeaz gain, beti oso ondo zaindu izan naute Orioko parrokian. Ikastera joan izandu naiz eta beti beso zabalik hartu naute. Etxean bezala sentitzen naiz han.
Ostiraleko kontzertutik zer aurreratu dezakezu?
Errepertorioko sei kantu joko ditu. Duela hilabete gutxi prestatutako kantuak dira. Orkestrako transkripzioak dira. Organoaren erregistro guztiak erabiliko ditut eta hori berezia da, ez ohikoa. Kantuak ezagunak izango dira jendearentzat.
Jendeak zer nolako harrera izan du orain arte?
Harritu egiten da. Kantuak ezagunak egiten zaizkie, gertukoak. Egia esan, oso ondo funtzonatzen du.
Beraz, oriotarrak ere animatuko zenituzke kontzertura...
Bai. noski. Etortzeko eskatuko diet, animatzeko. Ondo pasako dugu! Organo polita daukate herrian eta organo horretaz gozatzeko aukera izango da ostiral honetan; ez dute aspertzeko betarik izango!
Sei kantu joko dituzu. Zuk hautatuak izan dira? Zergatik?
Organo-jotzaileaz gain, irakaslea ere bazara. Zer nola ikusten dituzu musika-ikasketak?