Orioren alea San Telmoko erakusketan

Karkara 2016ko uzt. 15a, 10:04

Euskal kirolaren inguruko erakusketa zabaldu da San Telmo museoan. Arraunaren esparruan ekarpena egin du Orio Arraunketa Elkarteak. 

Jokoak. Materia eta erronka erakusketa zabaldu dute Donostiako San Telmo museoan. Urriaren 12ra bitarte izango da zabalik eta euskal kirolaren historia kontatzen du sei jokoren bitartez: pilota, harri-jasotzea, aizkora, sega, idi eta giza probak, eta arrauna. Azken alor hori osatzeko ekarpena egin du Orio Arraunketa Elkarteak.

1946. urtean A. Valverdek egindako kartela ikusi daiteke museoan, arraunlaria horiz jantzita eta arrauna eskuan duela agertzen dena. 1952ko Joxe Garateren elastikoa ere badago, baita 1970ko Kontxako bandera ere. 

Material horrez gain, ikus-entzunezkoek, argazkiek eta pertsona ospetsuen objektuek janzten dute erakusketa. Sei kirol horiek komunean dituzten gaiak jorratzen dira: erronka, lehia, garaipena, publikoa eta plaza. Gai horiek guztiak mahai gainean jartzeko beharra ikusi du San Telmo Museoak, baina hori guztiaren abiapuntua EHUko antropologia doktore eta irakasle Olatz Gonzalez Abrisketak euskal kirolari buruz egindako hausnarketa da. Gonzalezek landu zuen euskal kirolaren eta herri kirolaren gaia eta horrek eragin du museoak erakusketa hori produzitzera. Urriaren 12ra bitarte izango da zabalik eta sarrera doakoa izango da. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide