Bi oriotarrak podiumean

Karkara 2016ko uzt. 12a, 08:38

Euskal Herriko zirkuituko bigarren proba izan da asteburuan, Zurriolan. Unai Zubizarretak irabazi du eta Mikel Atxegak bigarren egin du.

Etxetik gertu, Donostiako Zurriola hondartzan jokatu da Euskal Herriko bodyboard zirkuituko bigarren proba. 9:00etan hasi zen txapelketa, marea goran zegoelako. Olatuak nahiko garbiak eta tamaina politekoak zirela esan du Unai Zubizarretak. Marea jaisten joan ahala, haizea harrotzen eta olatuen egoera okertzen joan zela zehaztu du. 

Oriotik berak eta Mikel Atxegak hartu zuten parte bodyboard txapelketan, Open eta 18 urte azpiko kategorietan. Zubizarretari Open kategorian ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera eta final zortzirenetan kalera joan zen. Atxegari, ordea, hobeto joan zitzaion eta final erdietaraino iritsi zen. Lehenago ala beranduago, biak gelditu ziren Open mailatik kanpora.

Behin kategoria horretan lehiatik kanpo geldituta, 18 urte azpikoen mailan hartu zuten parte. Txanda guztietan puntuazio altuak lortu zituzten bi oriotarrek, baina finalak beti bereziak direla berresteko, puntu altuagoak zituztenek urduritasun handiagoak izan zituzten, eta hori beren lanetan islatu zen. Dena den, nola Zubizarretak hala Atxegak beren mailari eustea lortu zuten.

Bukaerara arte borroka estua izan zen, baina azkenean Zubizarretak lortu zuen txapela ematea. Atxega 0,09 puntura besterik ez zen sailkatu, bigarren postuan. Oso gustura bukatu nuen eguna, nahiz eta open mailan kalera joan, gure kategorian ere oso aurkari indartsuen aurrean txapela ematea ez delako erraza, aitortu du txapeldunak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide