Euskotren Ligan izango da Orio

Karkara 2016ko uzt. 11a, 07:46

Aurten ere Euskotren Ligan izango dira oriotarrak. Zazpi ontzi zeuden ligako hiru postutarako, eta oriotarrez gain, Hibaikak eta Cabok lortu dute Euskotrenera sailkatzea. 

Etxean jokatu zuten Euskotren Ligara sailkatzeko lehen txartela. Orion jokatu zen Orioko Estropadak - Orioko Kanpina Bandera. Bandera dagoeneko Euskotren ligara sailkatua zegoen San Juanek astindu zuen arren –estropada batelerek irabazi zuten–, Orio hirugarren sailkatu zen, Euskotren ligako postuetan.

Moila bazterra jendez gainezka zegoen. Baita ibaiaren beste aldea, zubia eta plaza. Orain arte Orioko tostan ibilitako arraunlariak ere hurbildu ziren erriora, taldekide ohiak animatzera. Egun garrantzitsua zen neskentzat eta Santi Zabaletak aurreratu bezala, kontzentrazioa ezinbestekoa izango zen. 

Batelerek 10:43 denbora markatu zuten, errenteriarrek zazpi segundo gehiago behar izan zituzten ibilbidea egiteko eta oriotarrek bederatzi segundo gehiago. Hibaikakoek bi segundoko aldea besterik ez zien atera oriotarrei. Gauzak honela, eta igandeko estropaden faltan, Euskotren ligan zeuden oriotarrak. Laugarren sailkatua Cabo zen.

Igandean sailkapenaren errepikapena

Igandean Donostiako V. Eusko Label bandera jokatu zen. Txanponaren beste aldea izan zen igandeko estropada: larunbatekoa ibaian eta igandeko itsasoan. Itziar Olasgastik San Miguel Ligako kazetariei esan bezala, itsasoan probatzeko gogotsu zeuden neskak.

Kasik larunbatekoa errepikatu zen igandean. San Juan izan zen denborarik azkarrena egin zuena, 11:00:26. Arroxen atzetik helmugaratu ziren Hibaikako neskak, sei segundora. Oriotarrei tarte handiagoa atera zieten, 23 segundora helmugaratu baitziren. Cabo izan zen, beste behin, laugarrena, 32 segundora helmugaratuta. 

Ilusioa eta gogoa azpimarratu zituen estropada bukatu bezain pronto Lukene Lizasok. Estropada guztiak ez direla berdinak, baina, izatez, lehen hiru ontziak hamar segundoren bueltan daudela azpimarratu zuen.  

Bi asteburuetako emaitzak batuta, Euskotren Ligan izango dira Orioko neskak. Datorren asteburuan Bilbon eta Getxon jokatuko dira estropadak, 18:00etan eta 12:00etan, hurrenez hurren.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide