Washingtonera, lanera?
Bai, lanera etorri naiz. Erakustaldi batzuk egitera etorri gara, Smithsonian jaialdikoek lau emakume eskatu zituztelako eta horietako bat ni izateko zortea izan dudalako.
Iaz Boisen izan zinen...
Urtero herrialde bat aukeratzen dute jaialdi honetan ezagutzera emateko. Aurten Euskal Herria aukeratu dute. Guztira 80 bat lagun etorri gara hona, euskal kulturaren zatitxo bat ezagutaraztera.
Boiseko egonalditik desberdintzen al da aurtengoa?
Bai. Iaz Joseba Ostolaza harri-jasotzaile eskolatik lagun gehiago joan ginen. Oraingoan ni bakarrik joan naiz Santioko eskolatik. Iaz guztiak herri kirolariak ginen, eta bertsolariak; aurten denetik dago.
Oriotik lau lagun joan zarete eta bakoitzak egiteko bat dauka. Jon Lasa joan da, Branka Composites enpresakoa; Ander Errasti dantzaria; Mikel Markez abeslaria eta zu. Zure egitekoa zein da?
Hamabost egunetarako etorri gara eta egunero egin behar dugu zerbait. Harria jasotzen ibiliko naiz, baina baita trontzan, ingudean, txingetan... Denetarik egitea egokitu zait.
Zer nolako harrera dute herri kirolek Estatu Batuetan?
Normalean kanpoko jende ugari gerturatzen da ikustera. Batzuetan Euskal Herrian familia duen jendea ere etortzen da. Egia esan jende askok agertzen du interesa. Giro ikaragarria sortzen da eta ematen diguten tratua paregabea da.
Jendea asko harritzen da. Itxurako harriarekin proba egiten dute, baina, gero, benetako harriarekin saiatzen direnean izaten dituzte komeriak. Egia esan, izugarrizko esperientzia izaten ari da eta topera disfrutatzen ahalegintzen ari gara. Hori bai, hemen egiten duen beroa ikaragarria da...