Ander Errasti: "Harrigarria da Euskal Herritik urrun egonda zeinen ondo ikasten dituzten euskal dantzak"

Karkara 2016ko uzt. 7a, 11:00

Estatu Batuetan da Ander Errasti dantzaria. Aukeran dantza taldearekin joan da Folklife festibalera. Dantza ikastaroak eta emanaldiak eskaini dituzte eta harrera ona izan dute.

Zer dela eta joan zinen Oriotik Washingtonera?

1967a geroztik, Smithsonian Folklife festibala egiten da eta munduko eskualde ezberdinetako kulturak izaten dira festibaleko hizpide. Aurten bi kultura aurkeztu ditu jaialdiak: Basque (innovation by culture) eta Sounds of California. Euskal kultura,  izenburuak dioen moduan, ekintzailetasunaren ikuspegitik azaldu da.  

Jaialdian hainbat ekimen jarri dira martxan: tailerrak, erakusladiak, saioak, hitzaldiak... denetarik egon da. Helburua gure kultura eta ohiturak erakustea eta zabaltzea da.

Aukeran dantza taldearekin izan zara jaialdian. Zergatik zuek?

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioak hainbat talde proposatu zituzten. Talde horiei jaialdiaren berri eman zieten eta elkarrizketa bana egin zieten. Tartean ginen gu, eta horren arabera aukeratu gaituzte. Azkue fundazioa bitartekari lanetan ibili da. 

Zein izan da zuen egitekoa?

Gure eginkizuna tailerrak ematea izan da. Dantzaren inguruko historia eta esperientziak partekatu ditugu eta baita dantza saioak eskaini ere. Gugana hurbildu den jendeari euskal kultura transmititzen ahalegindu gara eta zituzten galderei erantzuten.

Dantza tailerrak eskainiko zenituzten... zer nolako harrera izan dute?

Bai, hori da. Jaialdiak hainbat txoko edo gune ditu. Bakoitzak berea du, bere stand-arekin. Goizeko 11:00etan zabaltzen da gunea eta 17:00ak bitarte ez gara gelditu ere egiten, ekitaldiz josita dago eguna. Jendeak aukeratzen du zein gunetara joan, zer ikusi edo ikasi nahi duen.

Lehenengo egunean hitzaldi moduko bat eman genuen eta tailerrak ere eskaini ditugu. Euskal dantza errazak erakusten ibili gara eta jendea animatu da. Txikiak, gazteak eta ez horren gazteak, guztiak. Interes asko erakutsi dute eta jakin mina daukate.

Euskal dantzak asko desberdintzen al da AEBtako dantza oinarritik?

Jaialdian Sounds of Californiakoak daude, gure moduan, beren kultura eta ohiturak erakusten. Horien dantzak ez dute zerikusirik euskal dantzekin. Baina jaialdira euskal diasporako dantza taldeak etorri dira, Estatu Batuetan dauden euskal dantza taldeak. Eta horiek badaukate gure dantzen oinarria, gure dantza tradizionalak ikasten baitituzte. 
 
Harrigarria da itsasoaren beste aldean, Euskal Herritik urrun egonda, zeinen ondo ikasten dituzten dantzak, ilusio handiarekin dantzatzen dituzte.
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide