Banyolesen, Gironan, jokatu dira Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketak. Lau kategoriatan banatu dira arraunlariak: jubeniletan, 23 urte azpiko seniorretan, absolutuetan eta beteranoetan. Oriok zortzi ontzi aurkeztu ditu guztira, horietako lau A finalera sailkatu dira eta beste lau B finalera.
A finaleko lau ontzietako bik domina lortu dute. Ander Zabala, Julien Montet, Jon Carazo eta Imanol Garmendiak osatutako laukoak zilarrezko domina eskuratu du. Brontzea Javier Puertas eta Haritz Arostegi beteranoen bikoak lortu du.
Beteranoetan sailkatu da hirugarren finalista, Dionisio Redondo. Eta finalean lehiatu den laugarren ontzia Naroa Eizagirrek eta Estibalitz Goñik osatutako bikoa izan da. Biek bosgarren egin dute finalean.
Postu onak B finaletan
Jon Lizarralde izan da jubenilen B finalean posturik onena lortu duena, irabazlea izan baita. Julen Arostegik, Imanol Sarasolak, Armando Perezek eta Jon Arriolak osatutako lauko jubenilak hirugarren egin du, baita Udane Hoyos eta Aroa Fernandezen biko jubenilakak ere. Mikel Uranga laugarren sailkatu da B finalean, 23 urte azpiko seniorretan.