Zarauzko garbigunean ordezkapenak egiten aritu zen, eta orain Orioko eta Aiako garbigunea du lantoki. Ingurumenarekiko kontzientzia guztiz barneratua dauka, baina azkenaldian herrian ikusitako egoerak herritarrek ingurumenarekiko duten kontzientziaz galdetzera eraman gaitu.
Garbiguneko zerbitzua nori dago zuzendua?
Partikularrei eta eraikuntzako gremio txikiei. Ez dago soilik Aiako eta Orioko herritarrei zuzenduta, Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten udalerri guztietan ematen dugu zerbitzua. Gertutasunagatik, Aiakoak eta Oriokoak etortzen dira hona; baina beste herrietakoak etorri daitezkeen moduan, hemengoak ere joan daitezke beste herrietara. Bost herri hauetakoren batean lanean ari direnek ere hemen bota ditzakete hondakinak.
Hondakinak aipatu duzu, zer hondakinez ari zara?
Etxeko hondakin ia-ia guztiak jasotzen ditugu. Baina, zehatz-meatz zer jasotzen dugun jakin nahi izanez gero Urola Kostako Udal Elkarteko webgunean aurkituko duzu informazio hori, ingurumena-garbigunea atalean.
Jasotzen duzuen guztia birziklatu egiten duzue?
Guztia, hiri hondakin inerteak salbu.
Sailkapena herritarrak egin behar al du?
Izatez, bai, baina gu zerbitzua emateko gaude, laguntzeko. Hortaz, hona etortzen denari sailkapena egiten laguntzen diogu. Gainera, sarritan duda izaten dute herritarrek. Eta, dudaren aurrean birziklatzen den materialarekin gordetzea da egokiena, ondoren sailkapen zehatzagoa egiterakoan bananduko baitute. Baina, dena den, dudaren aurrean hoberena hona ekartzea eta galdetzea da. Hemen jasotzen ez badugu ere, non jaso daitekeen esaten ahalegintzen gara.
Jende askok erabiltzen al du zerbitzua?
Jendea interesatzen da, bai. Baina batzuk, ezjakintasunagatik ez dira etortzen eta beste batzuk, fede txarragatik, ez dute ongi jokatzen. Erosotasunera jotzen dugu sarri, eta...
Eta Orion gertatu dena, hondakinak utzi behar ez direnean uzten dituztela...
Denok egiten dugu noiz edo noiz bekatua... Baina tira,Orion hileko bigarren eta laugarren asteazkenetan eta Aian ostegunetan biltzen dira bolumen handikoak.
Nola saihestu daitezke horrelako jarrerak?
Nire ustetan erakundeek beti aurretik egon behar dute, erraztasunak eman behar dituzte, horrelako zerbitzuak eskura jarri. Herritarrak informatu egin behar dira, jakinaren gainean egon behar dute. Gero, zerbitzua aprobetxatzen duten ala ez...
Gauzak jasotzeaz gain, eman ere egiten dituzue, ezta?
Hemendik gauzak ere hartu daitezke. Birziklapena bultzazeaz gain berrerabilpena ere sustatzen dugu.