Motxila bizipenez betetzen dute bidaiatzen duten aldiro. Bidaiatzean bizitakoak munduari beste begi batzuekin begiratzeko balio die. Azkenekoz motxila Pakistanera joateko asmotan jantzi zuen Iñakik, Shuarekin Islamabaden elkartzeko intentzioarekin. Planak aldatu eta Munbain egin zuten topo.
Lehen geltokia: Munbai.
Iñaki Verhegge: Urtarrilean hasi nintzen bidaiatzen, bakarrik. Hasierako asmoa Pakistanera lurrez iristea zen, eta han, Shua eta biok elkartzea, Islamabaden.
Shua Larrañaga: Azkenean, otsailean joatea erabaki nuen, aurreikusi baino lehen; beraz, berak Istanbuletik hegazkina hartu eta Munbain elkartzea erabaki genuen.
Verhegge: Istanbulera arteko bidea, Bla Bla Car erabilita egin nuen.
Ia urtebetez bidaiatzeko erabakia aurretiaz asko pentsatu ondoren hartu al zenuten?
Verhegge: Urte bete lehenago hartu nuen erabakia eta lantokian urte sabatikoa eskatu nuen.
Larrañaga: Nik, badaezpada, dirua aurreztu nuen, baina bi hilabete lehenago erabaki nuen bidaiatzea. Asko bidaiatu dugu aurretik, beraz, ez genuen bi aldiz pentsatu. Behin bidaiatzen hasita gorputzak eskatzen dizu kanpora irtetea, mundua ezagutzea.

Bidaiatzen eskarmentu handia duzue...
Verhegge: 18 urterekin hasi nintzen bidaiatzen, Australiara egin nuen lehen bidai hura. Ondoren Laosen eta Tailandian ere izan naiz, eta lanagatik ere –atzerriko erreminten mantenimenduan egiten du lan– munduko txoko asko ezagutu ditut: Txina, Kolonbia, Europa ia guztia...
Larrañaga: Eta nik lehen bidaia 19 urterekin egin nuen. Edinburgon izan nintzen urte betez. Ordutik bi urte pasa ditut Mexikon, Nikaraguan, Hondurasen, El Salvadorren eta Guatemalan, besteak beste.
Ezezaguna den tokiak ezagutzeko beldurrik ez duzue...
Larrañaga: Ez dugu beldurrik, ez. Egia esan, sarritan, beldur handiagoa ematen digu Orion gelditzeak kanpora joateak baino.
Gure beldurra, agian, bikote gisa bidaiatzea izan da. Bakarrik bidaiatu izan dugu, oso independenteak gara, eta horrek ematen zigun beldur handiena.
Bidaiatzeak elkarbizitza ordu asko dakartzalako?
Verhegge: Hori da. 24 ordu elkarrekin gaude. Momentu onetan eta txarretan. Buruhausteak, aspertuta zauden uneak... baina, tira, komunikazioarekin eta umore onarekin guztia ongi ateratzen da!
Beldurrak beldur, kanpora joateko gogoa piztu zizuen amets edo helbururen bat ba al zenuten?
Larrañaga: Helburu eta ametsik ez izatea iruditzen zaigu onena.Bidaiak berak harritu egiten zaitu, beraz, zertarako amestu? Amets askorekin etorriz gero akaso dezepzionatu egiten zaitu ezagutzen duzunak. 50 urteko frantziar bat ezagutu genuen Dalai Lama bizi den herrian. 20 urte zeramatzan bidaiatzen eta berak esan zigun: present is a present [oraina opari bat a] Iñakik eta biok, orain, lelo hori jarraitzen dugu. Momentua, datorren moduan datorrela, ahalik eta gehien disfrutatzen ahalegintzen gara. Batzuetan hobeto egongo zara eta beste batzuetan okerrago, baina gaizki egonez gero: new place, new feelings! [leku berria, sentipen berriak]
"Lekua jendeak egiten
duela iruditzen zaigu.
Beti ahalegintzen gara
jendearekin hitz egiten"
Munbain elkartu zineten. Espero bezalakoa al da India?
Larrañaga: Oso gogorra egin zaigu. Bero handia egiten du, 45 gradu inguru. Gaixorik egon gara: gastroenteritisa, gripea eta lipotimiak izan ditugu. Errabiaren kontrako bost bakuna hartu behar izan ditugu, tximinoek erasotu egiten zigutelako. Ez da erraza izan.
Eta Indiatik, nora? Ibilbide zehatzik ba al zenuten?
Verhegge: Ez genuen ezer planeatuta. Leku berri bat ezagutu nahi genuen, besterik ez. Kasualitatez indiar baten lagunak egin ginen eta hark egin zigun ibilbidea. Pentsa zer inprobisatua izan zen, Indiako bisa ere korrika eta presaka egin behar izan genuela.
Larrañaga: Iñakik azkenean Budapesten egin behar izan zuen bisa eta nik hemen, pentsa!
Antza, ez zaizue guztia lotuta eramatea gustatzen...
Larrañaga: Ez zaigu Lonely Planet bidaia-gida ibiltzea ere gustatzen. Jendeak ezagutu eta jendeak esaten digunaren arabera egiten dugu bidean aurrera!
Garrantzia handia ematen diozue bertako jendea ezagutzeari, ezta?
Larrañaga: Lekua jendeak egiten duela iruditzen zaigu. Beti ahalegintzen gara jendearekin hitz egiten. Niri, esaterako, asko gustatzen zait bertako emakumeekin hitz egitea, oso pentsakera ezberdina baitaukate. Eta Iñakik mundu guztiarekin hitz egiten du! Izugarrizko abilidadea dauka jendearekin erlazionatzeko; giro ona izatea lortzen du guztiekin, gainera!

"Zailena, bueltatzean bizimolde horri eustea da. Azkenean, mendebaldeko munduak pixkanaka jan egiten zaitu”
Nola joan zarete batetik bestera?
Larrañaga: Indian autobusa eta trena erabili ditugu, baina ez turistenak, herritarrenak baizik. Nepalera ere garraio publikoan joan gara eta orain Laosen, Thailandian eta Camboyan motoz bidaiatu nahi dugu. Helburua Filipinetara iristea da.
Distantziak hemen baino handiagoak al dira? Urruti eta gertu kontzeptuen esanahiak desberdinak al dira han?
Verhegge: India kontinente baten tankerakoa da. Motxila hartzen duzun bakoitzean badakizu 20 orduko bidaia egingo duzula. Distantziak handiak dira, baina ohitu egiten zara! Laster hasiko dugun hirugarren etapa hori horregatik egin nahi dugu motoz, distantziak eta bidaia guk erabakitzeko eta leku turistikoetatik alde egiteko; bertako jendearekin ahalik eta harreman gehien izateko!
Garraio publikoa erabili duzue. Eta lo, non egiten duzue?
Verhegge: Hostaletan egiten dugu lo, oso-oso merkeak direlako. 2-3 eurotan biok egiten dugu lo. Hori bai, edozerekin egin dezakezu topo, Indian batez ere. Nepal garbiagoa da eta ur beroa ere badaukazu. Baina orain, motoarekin, kanpin denda bat eraman nahi dugu, badaezpada.
Eta, orain arte ikusitakotik, zerk harritu zaituzte gehien?
Verhegge: Indiako kontrasteak harritu nau gehien: koloreak, usainak, zikinkeria...

Orain Nepalen zaudete...
Larrañaga: Indiako bisa bukatu egiten zitzaigun. Rishikeshen, Indian, bikote bat ezagutu genuen, eta horiek Living Nepal izeneko OKE Katalan batez hitz egin ziguna.Berekin jarri ginen harremanetan eta berehala erantzun ziguten. Erantzuna jaso eta hiru egunetara Nepalera abiatu ginen.
Katmandun lau egun igaro genituen, Social campa antolatzen. Komunitateko emakumeekin, haurrekin eta irakasleekin lanean aritu ginen. Ikastaroak egin genituen, jokoak.... Hori OKEaren zati bat da. Beste zatia eraikuntzarekin dago lotuta. Eta orain horretan ari gara, eskola eraikitzen.
Nolakoa da orain zaudeten komunitatea?
Verhegge: 500 pertsona bizi dira, horietatik 40 haurrak. Aurreko urtean lurrikara izan zen eta ezer gabe gelditu ziren. Gobernuak utzitako diru apurrarekin txapazko etxeak eta txabolak egin dituzte bizitzeko. Ume zaharrenek txapazko etxe batean izaten dituzte eskolak, baina txikienek kanpin denda batekin konformatu beharra daukate. Orain montzoia dator eta hotz handia egingo du. Horregatik eraiki dugu eskola txiki bat.
Zein da bakoitzaren funtzioa OKEan?
Verhegge: Ni eraikuntzan aritzen naiz.
Larrañaga: Nik, goizetan, jardinean egiten dut lan. Harriak mugitu behar izaten ditut, lurrikararekin eskola guztia behera joan baitzen. Arratsaldeetan 3-6 urte bitarteko haurrekin egoten naiz.Zoragarriak dira guztiak!
Seismoak gogor jo zituen nepaldarrak, ezta?
Verhegge: 9.000 pertsona inguru hil ziren. Guztia suntsituta gelditu zen, lurrikararen ondoren lur-jauzi ugari ere izan baitziren. Oso arriskutsua izan zen. Hemengo jendeak ez du horretaz hitz egiten. Beldurra dutela ohartzen zara...
Larrañaga: Atzerritar asko ezagutu ditugu seismoan izan zirenak. Inkomunikatuta egon ziren eta une oso gogorrak izan zirela diote.
Horrelako pasadizoak entzunda, ez zarete beldurtzen?
Verhegge:Beldurra ez dugu sentitzen, baina errespetua bai. Horrelakoetan ohartzen zara lurrak duen indarraz. Shuak bi lurrikara handi izan zituen Mexikon eta, ondorioz, beldur pittin bat gehiago zuen, baina beldurrarekin ezin da bizi, ez baituzu disfrutatzen.
Hemendik ere hango komunitateari laguntzeko aukera ba al dago?
Verhegge: Bai, noski. Bi modutara lagundu daiteke. Batetik, laguntza ekonomikoa eman daiteke. Horretarako beren webgunean sartu zaitezke, livingnrpal.org. Bestalde, hona etortzeko aukera ere badago, eta horren gaineko informazioa ere webgunean aurki dezakegu. Hemen, lehen esan bezala, bi esparrutan lagundu daiteke: berreraikuntzan eta laguntza sozialean. Bereziki ingeleseko irakasleen beharra daukate. Eta, zin dagizuet, esperientziak merezi duela. OKEko eta komunitateko jendea izugarrizkoa da!
Lehen kontrasteak harritu zaituztetela esan duzue; gehien gustatzen zaizuena jendearekin duzuen harremana dela ere esan duzue... Eta gutxien?
Larrañaga: Kasta sistema. Beraiek maila ekonomiko baxuena dutenez, sistematik alboratzen dituzte.
Jendea azpimarratu duzue behin eta berriz. Jende horrek bizitza bizitzeko modua ere zeharo desberdina izango du...
Verhegge: Momentua bizitzen dute, ez dute presarik. Ez lanera joateko, ez jateko, ez lagun artean egoteko... Askoz ere gauza gutxiago daukate, baina beren bizi kalitatea hobea da. Ez dituzte guk bezainbeste gauza behar pozik bizitzeko. Beren arteko harremanak ere puroagoak dira... Eta, uste dut bidaiari guztioi kutsatzen zaigula bizimolde hori. Gero, zailena, bueltatzean horri eustea da. Azkenean mendebaldeeko munduak pixkanaka-pixkanaka jan egiten zaitu...
Mendebaldarrak artifizialagoak garela esango zenukete?
Verhegge: Bi munduek dauzkate alde onak eta txarrak. Baina, gure iritziz, mendebaldeko munduko ohiturak-eta mundu osora ari dira zabaltzen, pixkanaka: ezin asetu hori, beti zerbait gehiagoren beharra izatea, presaka bizitzea, ingurumenean ez pentsatzea, kontsumismoa...Bai, artifizialagoa iruditzen zaigu! Nola bizitzeko modua, hala harremanak izateko modua ere.
Eta ez zarete frustratzen hona itzuli eta kanpoan zaudenean kritikatzen dituzun jarrera horietatik gertu ikusten duzuenean zeuen burua?
Verhegge: Bai, beti. Bana, finean, sistema honetan bizi gara eta gustatzen zaigu Orion bizitzea;beraz, geure buruak kritikatzen hastea alferrik da. Azkenean bizitzak eraman behar zaituen bidetik eramango zaitu lehenago ala beranduago.
Zuei zein zentzutan aldatu zaituzte?
Verhegge: Lekuak baino gehiago jendeak aldatzen zaitu. Betiko errealitate global horretatik atera eta bestelako errealitateak ikusteak sekula pentsatuko ez zenukeen gauzetan pentsatzera eramaten zaitu. Zure erosotasun egoeratik ateratzean, gauza gehiago ikusten dituzu eta buruak ere gauza gehiagotan pentsatzen du.
Bidaiak daukaguna eta bizi garen herria gehiago baloratzen erakutsi digu. Beste alde batetik, egiten ditugun akatsez konturatzeko ere balio izan digu.
Helburua Filipinetara iristea da. Eta handik, etxera, Oriora? Noiz bueltatzeko asmoa daukazue?
Larrañaga: Itzulerako data abenduaren 1a da, baina hori ez da sekula jakiten; hori bidaiak berak esango digu.
Halabeharrez itzuliko zarete ala baduzue etxera etortzeko gogorik?
Larrañaga: Gogoa momentu askotan izaten dugu.Gaur egun Facebookarekin uneoro duzu lagunen berri, oso gertu gaude guztiok. Beti ematen du inbidia pixka bat lagunarteko afariren bateko argazkiren bat edo ikusten baduzu sare sozialetan. Azkenean familia, lagunak, janaria... faltan sumatzen dira.
Verhegge: Oraintxe gustura jango genuke txuleta eder bat, piper gorriekin eta ardo on batekin! –barreak–. Batzuetan teletransportatuko ginateke, baina dena ezin da... Oraintxe bizitzen ari garena ahalik eta gehien disfrutatzen saiatuko gara, eta hor gaudenean hangoarekin pozik bizitzen! Momentuan momentukoa!
Larrañaga: Lehen esan bezala, present is a present. Momentua opari bat da! Eguna pasa ahala, egunero egun bat gehiago edo egun bat gutxiago izango da, ikusi nahi duzun moduaren araberakoa da. Always look at the bright side of life [bizitzaren alderdi onari begiratu beti] –barreak–.
