Urteko egunik luzeena. Udako solstizioa. Sua. Sorginak. Akelarrea. Bai, San Joan bezperaz ari naiz bai. Ekainean, argiaren hilabetean, 23an ospatzen da herri askotan, baita gurean ere. Eguzkiaren aroaren etorrera ospatzen da. Urteko egunik luzeena eguzkiari eskaintzen zaio eta suak eguzkiaren ikurra bihurtuz gaua argitzen du, gau magikoa izanez.
Berezia izaten da bai, gau hau. Eta zer esanik ez suaren inguruan biltzen garen dantzariontzat. Txikitan, dantzari handiekin dantza egiteak ilusio berezia egiten zuen. San Joan bezperako akelarrea izaten zen, Harribil dantza taldeko dantzariekin izaten genuen lehen kontaktua. Adin desberdinetako jendea elkartu eta herriko kaleetan zehar ibili ondoren, suaren inguruan bilduz. Eta oraindik ere, bertan jarraitzen dugu, suaren txinparta itzal ez dadin. Hala ere, pixkanaka, txinparta indarra galduz joan da. Geroz eta jende gutxiago animatzen da bertan parte hartzera. Ikusleak bai, normalean ikusle fidelak eduki izan ditugu urtero, baina parte-hartzea gutxituz joan da urteetan zehar. Pena da, jendearen ilusio falta hori gainontzekoengana transmititzen delako. Antolatzaileentzat txinpartaren indarra mantentzea geroz eta nekezago egiten den arren, ea denon artean lortzen dugun.
B erezia da bai gau hau. Urteko egunik luzeena, gaurik motzena. Txiki-txikitatik oporretako lehen parranda izaten zen askorentzat. Garaiz afaldu eta izozki bat janez sorginak ikustera ateratzetik, dantza egin ondoren Hernaniko festetara joatea.
Ilusioz beterik joaten nintzen ahizpa zaharrari sorginez jantzita ikustera, eta deseatzen egoten nintzen noiz iritsi LH 2. Mailara, San Joanak ahizpa eta gainontzeko sorginekin ospatzeko. Harribileko dantzariekin dantza egitea beti izaten zen berezia. Horrela hasi ginen ahizpa eta biok Harribilen parte izateari. 8 bat urtetatik San Joanak beraiekin ospatuz, eta geroago taldeko kide izaten, gaur arte. Desberdin bizitzen da gau hau urteak pasa ahala. Baina adin desberdinetako jendea, lagunak eta familia suaren inguruan dantzan elkartzea beti da berezia. Ordea, ahizpak ondo azaldu duen moduan, ilusio hau itzaltzen doalakoan gaude. Sentsazioa daukagu, geroz eta gehiago kostatzen dela herri honetan parte hartzea. Beti izaten da errazena beste norbaitek egin eta antolatzea. Baina askotan erantzuna ez da guztiz ona izaten. Haurrek geroz eta ekintza gehiago dituzte aukeratzeko eta dantza ez da izaten orokorrean aukeratuena, edo ez behintzat lehentasun gehiena duena. Pena da, geroz eta jende gutxiagoren artean moldatu behar izaten delako. Ea beraz, denon artea sua mantentzeko gai izaten garen, ez ordea soilik San Joan bezperako iluntzekoa, baizik eta urte guztian zehar herrian antolatzen diren gainontzeko ekintzena ere.