Urtebete pasatxo da aurreko idazlantxoa Karkarara bidali nuenetik eta, berriz idazteko gonbita luzatu didatenez, hemen natorkizue Orioko oroitzapenen kontakizunarekin: Oraingoan itsasoak nigan utzitako arrasto eta sentimendu gazi-gozoak ekarri nahi ditut oroimenetik paperera. Arrasto garrantzitsuak, bizitzan zehar zenbait erabaki hartzeko garaian eragina izan dutenak –bizilekua edo oporretako destinoak, esaterako–. Eta sentimendu gazi-gozoak diot, batzuetan itsasoarekiko maitasunezko harremanak izan nituelako, eta beste zenbaitetan ezintasunean edo beldurrean oinarritutakoak.
Seguruenik, gurasoak oriotarrak ez izateak bere eragina izan zuen itsasoarekiko lotura nigan behar bezala ez sustraitu izateko. Aita Aiakoa eta ama aizarnazabaldarra nituen. Ez ziren bereziki itsaso-zaleak, nekazari girokoak baizik; etorkizunean semeren bat itsasora lanera joateko perspektiba ere ez zitzaien atsegina... Eta, gezurra badirudi ere, txiki-txikitandik jasotzen dira gurasoengandik eragin horiek. Horrela izan zen nire kasuan behintzat.
Hala, alde batetik, ez nituen ezagutzen arrantzaleen familiak eta haien belaunaldiak, zaila egiten zitzaidan baporeen izenak beren jabeekin lotzea, baita bertan aritzen ziren marinelen izenak eta jatorriak jakitea ere. Ez nintzen izan batel eta txalupetan ibiltzeko edozein aukera baliatzen zuen horietakoa, edo noiznahi baporeen edo kaiaren marrazkiak egiten zituenetakoa, edo bainujantzia jantzi eta arranplara edo hondartzara maiz joaten ziren haur haietakoa. Ez nuen igeri egiten ikasi eta uretara gehiegi hurbiltzeak bildurtu egiten ninduen. Inoiz ez nintzen itsasontzi batean sartu. Ezintasuna eta beldurra nagusi... A zer nolako oriotarra, alajaina!
Baina bestetik, gustuko nuen itsasoaren usaina, hondartza eta bere ingurua behatzea, ibaia eta bertako korronteak, ez nintzen aspertzen arrantzan ari zirenei begira, gogoko nuen arrantza-ontzietako aktibitatea, bai itsasora abiatzekoak
zirenean, baita moilara heldu berritan ere. Neure erara eta maila apalean bazen ere, itsasoa maitatzen ikasi nuen beraz, eta bizitza guztian bidelagun izan dut maitasun hori. Geroztik ezin izan naiz gehiegi aldendu itsaso ingurutik eta Hendaian saiatzen naiz, egunero, itsasoari diodan maitasuna ixurtzen. Ezin zitekeen bestela, oriotarra izanik...