Larunbatean, ekainaren 25ean, Orioko Aldapa zikloturista taldeko hamar kidek Frantziako Luchon-Baiona txirrindulari frogan hartuko dute parte. 326 kilometroko luzera eta 5.257 metroko desnibela duen ibilbidea da.
Ibilbidea egiteko bi aukera daude. Egun batean egin daiteke edo bi egunetan. Oriotarrek egun batean egingo dute eta parte hartuko duten hamar txirrindulariak Jon Errasti, Felix Urain, Xabier Altuna, Iñaki Gurrutxaga, Aitzol Arrospide, Iosu Lizaso, Mikel Errasti, Aitor Lertxundi, Alberto Etxeberria eta Axier Lizarralde dira.
Aviron Bayonnaisek antolatutako lasterketa egiteko, larunbatean goizeko 6:30ak inguruan abituko dira Orioko txirrindulariak.
Pixkanaka gorpuztuz joan zen froga
1910ean egin zen lehendabiziko Luchon-Baiona froga. Uztailaren 21ean egin zen. Goizeko 3:30ean hasi zen froga. Txirrindulari azkarrenak 14 ordu eta 10 minututan egin zuen ibilbidea. Orduan Frantziako tourreko etapetako bat zen. Baina, 1932an, lau txirrinduzale amorratuk beren idoloak imitatu nahian, lehen Baiona-Luchon etapa egin zuten. Urte horretatik aurrera, bi urtez behin egiten da.
Orain gutxi ibilbidearen irteera eta helmuga aldatu egiten ziren urtez urte. Baina azken urteetan Luchonetik abitu eta Baionan bukatzen da. Ibilbidea hasi eta berehala Peyresourd mendia igo behar dute txirrindulariek, 13.5 metroko mendatea da, %7,1eko desnibela duena. Gero, Aspin mendatea igoko dute. Honen jaitsiera Tourmaleteren hasiera izango da. 17 kilometro dituen Tourmalet igoko eta jaitsiko dute. Jaitsiera luzea da, Soulour mendateraino eramaten duena. Ausbique gainara iritsiko dira eta jaitsieran etaparen bigarren zatiari ekingo diote. 180 kilometroko ibilbidea da, portu handirik ez duena, baina gorabeherez josita dagoena. Mauletik Asparrenera eta handik Baionara joango dira.