Hasi da Euskal Herriko bodyboard zirkuitua. Asteburuan izan da lehen proba, Sopelan. Mikel Atxega eta Unai Zubizarretak bi kategoriatan hartu dute parte, open mailan eta 18 urte azpikoan.
Open mailakoekin hasi zen txapelketa. Oso maila altua zegoen, azaldu du Zubizarretak. Atxega final zortzirenetan kanporatu zen. Zubizarreta final laurdenetara pasa zen, baina ez zuen lortu aurrera egitea. Itsasoa eta zortea ez zituztela aldeko izan argitu du Zubizarretak.
18 urte azpiko kategorian zentratu ziren orduan. Biek finalera sailkatzea lortu zuten. Finalean, baldintza oso zailetan lehiatu zutela azaldu du Zubizarretak: olatuak ez ziren handiak eta haize handia zegoen. Hala ere, Atxegak bigarren postua eta Zubizarretak hirugarrena lortu zituzten. Garaipena ez eskuratu arren podiumera igotzea lortu zuten. Amorrazio pittin batekin, baina okerrago joan zitekeenez, nahiko gustura gelditu gara, dio Zubizarretak.