Ainara Manterolak ez du Realean jarraituko

Karkara 2016ko eka. 22a, 07:29

Bost urte bost zenbakidun elastiko zuri-urdina defendatzen pasa ondoren Reala utzi du Ainara Manterolak.

Denboraldi gogorra izan da Realean egin duen azkena Ainara Manterolarentzat. Zelaian, lehian, minutu gutxi izan ditu eta hori da, hein handi batean, jokalari batek nahi duena: minutuak. Atzelariak bost urte hauetan bere indarragatik, eguneroko lan gogorragatik, kalitateagatik eta gogoagatik zaleen errespetua irabazi du. Saiatua da oso eta aurtengoan itzaleko lanak argirik ikusi ez duen arren, futbolariak ez dizkio futbolari ateak itxi. 

Etapa honetako atea itxi du, baina ate bat ixtean beste bat zabaltzen dela eta, oraindik futbolaz gozatzeko asmotan dago oriotarra. Etorkizuneko taldea zein izango den, ordea, ez daki oraindik. Ez daukat ezer itxita, aitortu du.

Ainara Manterolaren agurreko hitzak

5 urte bizkarrean 5 zenbakia eramanaz, bukatu da nire ibilbidea jaiotzetik nirea izan den talde zuri-iurdinean. Urte bakoitzak berea eman dit. Momentu ederrak, bizipen ahaztezinak, zoragarriak, baita gorroto ditudanak: zailak eta mindu nautenak. Azken hau pertsonalki merezi baino zailagoa eta gogorragoa egin bazait ere, ez dut ahaztu nahi, gehien ikasi dudana ere izan dela, gehien indartu nauena; eta, erabakiak hartuz, aurrera egiten irakatsi didana.


Eskerrik asko bide honetan era batera edo bestera lagundu didazuen guztioi, nigan sinetsi duzuenoi eta baita ez duzuenoi ere. Eskerrak Realari, zaleei, taldekiideei eta bertan egin ditudan lagun handi guztiei! Eskerrikasko bereziki eta bihotzez nire familiari, aita eta ama, nire oinarri nagusiak izateagatik; nire ahizpa Leireri, momentu gogorrenetan azpitik zure ilusio hori ikusteak eman didan indarragatik; Jon, beti-beti animatu eta ulertzeagatik; lagunei, irribarrea galtzen ez didazuelako utzi; eta baita gertu egon zareten guztioi ere! Eta baita zuri ere Tximist, beti nirekin eramango zaitut! No pain no gain!


Erronka berrien bila noa nire ilusioa berpiztuz eta iñoiz baño indartsuago, mugarik gabe! Futbola eta gozatzeko aukera ez dira hemen bukatzen!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide