Gaur jasoko du Benitok Adarra saria

Karkara 2016ko eka. 21a, 10:53

Iluntzeko 20:00etan jasoko du saria Donostiako Viktoria Eugenian. Saria jasotzeaz gain kontzertua eskainiko du. 

Benito Lertxundiri gaur, ekainaren 21ean, emango diote Adarra saria. Hirugarren aldia da saria ematen dutela. Lehendabizikoa Mikel Laboari eman zioten; bigarrena, Ruper Ordorikari; eta hirugarrena, aurtengoa, Benito Lertxundiri emango diote. 20:00etan izango da ekitaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Musikaren Nazioarteko eguna da gaur eta saria emateaz gain, kontzertua ere eskainiko du Lertxundik.
Juantxo Zeberio –pianoa, sintetizadorea–, Amaiur Cajaraville –baxua–, David Gorospe –bateria–, Angel Unzu –gitarra, bouzukia–, Gurutz Bikuña –gitarra–, Kutxo Ocho de Eribe –arrabita–, Pello Ramirez –eskusoinua, biolontxeloa–, Intza Unanue –koroak– eta Olatz Zugasti –harpa, teklatua, ahotsa– izango dira Benito oholtza gainean lagunduko dutenak.

Oroimenaren Oraina izeneko diskoa ardatz zuen biran ibili eta gero kontzertuak ematen jarraitzen du. Taula gainean inoiz baino erosoago sentitzen dela aitortu du Berrian egin dioten elkarrizketan eta kanta berriak idatzi dituen arren, oraindik disko berririk ez duela esku artean. Kanta horiek oholtzara eramaten dituela esan du, jendea kanta horietara egiten joateko, kantuak forma hartzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide