Proiektu ekintzaileak sortzen

Karkara 2016ko eka. 20a, 09:43

KIMMUkoek lagunduta, ekintzailetasuna landu zuten pasa den astean Ikastolako ikasleek. Egin nahi zutena definitu, finantzazioa lortu eta proiektuak martxan jarri zituzten

Ekintzailetasuna zer den ikasteko ez dago ekintzaile izatea baino modu hobeagorik. Hori ikasi zuten pasa den astean Orioko Herri Ikastolako DBH3ko ikasleek. Gustoko gaia aukeratu, gai horren inguruan egin nahi zutena pentsatu eta proiektu errealak martxan jarri zituzten.

Zazpi taldetan banatu ziren ikasleak, eta talde bakoitzak bere gaian ekin behar zuen. Astean zehar finantzazioa lortu eta beren proiektuak martxan jarri zituzten; baina hor ez zen amaitu abentura ekintzailea, ikasleek proiektuekin aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi baitzuten. Hona hemen beren testigantzak:

Kirola

Eskubaloi txapelketa bat antolatzen ari gara Orio eta Zarautz artean. Zarauzko Kirol Elkartera deitu genuen eta materialarekin eta tokiarekin lagundu digute. Babesleak ere bilatzen ari gara, oraingoz pare bat ditugu, baina ez da erraza babesleak lortzea.

Kiroldegia, dirua, materiala, epaileak, taldeak... asko dira txapelketa bat antolatzeko kontuan izan behar diren gauzak. Uztailaren 23an eta 24an jokatuko dute txapelketa helduek eta 25ean eta 26an gazteek.

Moda

Produktu bat egin eta originala bihurtzea pentsatu genuen. Gure proiektua koleteroak egin eta saltzea da. Tela erosi eta guk josten ditugu makinarekin.

Saltzeko hainbat modu pentsatu ditugu: herriko denda eta ile-apaindegietan, batetik, eta internet bidez, bestetik. Instagram eta facebook kontuak sortu ditugu.

Hasteko dirua lortzeko metxeroak saltzen eta kristalak garbitzen aritu gara. Diru horrekin materiala erosi dugu koleteroak egiteko. Bestalde, josten ere ikasi dugu, ez baikenekien.

Musika

Youtubeko kanala eta bloga sortu ditugu. Hor tutorialak, DIYak eta musikaren inguruko hainbat eduki igoko ditugu. Gaur goizean igo dugu aurkezpen bideoa eta lehen bideo ofiziala prestatzen ari gara.

Horrez gain, udarako proiektu bat sortzen ari gara, egun batez musika udalekuetara joateko. Udaleku horietan, ordubetean musika talde baten hastapena sortzea da helburua. Hainbat aisialdi enpresekin kontaktatzen ari gara, beren udalekuetara joateko. Kontaktuan jarri garen hiru enpresetatik bik erantzun ona eman digute eta hirugarrenak ez digu kasu handirik egin.

MTOMTO –Musika, Teknologia eta Ongizatea– izena du gure proiektuak, musika eta teknologia batuz bezeroaren ongizatea lortzea da gure helburua.

Gastronomia

Gure adin inguruko gazteei modu errazean kozinatzen irakasteko blog bat sortu dugu. Gai desberdinak erabiliko ditugu horretarako. Lehenengo gaia, adibidez, kuadrillakoei etxera afaltzera gonbidatzeko menu erraz bat prestatzea izan da. Bideoan grabatu ditugu pausuak, gure etxeetan.

Metxeroak saltzen lortu genuen diruarekin erosi genituen errezetak egiteko osagaiak. Produktu horiekin bideoak grabatu eta bloga martxan jarri dugu.

Teknologia

Euskara bultzatzeko, jendeak erabiltzen dituen joko ezagunak euskaratzea da gure proiektua. Gaztelerazko hainbat aplikazio euskaratu ditugu eta euskarazko jokoak ere sortu ditugu, Orioko kulturari buruzkoak, adibidez.

Metxeroak salduz eta kristalak garbituz lortutako dirua PayPalera pasa genuen, eta handik webgunea erosi genuen. Webgunea diseinatutakoan jokoak eraldatzen eta bertan jartzen hasi ginen. Bestalde, diru pixkabat irabazteko, publizitatea jarri diogu webguneari.

Orioko merkatariei euskarazko webguneak ere eskaintzen hasi gara.

Telesailak

Telesailak gomendatzeko eta baloratzeko instagrameko profil bat sortu dugu. Horrez gain, kontu horretan, telesailetako aktoreen lookak birsortuko ditugu Orioko dendetako arroparekin.

Instagrameko kontua sortu eta jarraitzaile batzuk lortu ditugu dagoeneko, uste genuena baino gehiago. Gaur herriko dendetara joan gara gure proiektua azaltzera. Bi dendetara joan gara oraingoz eta argazkiak atera ditugu. Denda batean dirua ere eman digute. Gaur bertan igoko dugu lehen argazkia.

Turismoa

Gazte kuadrillen eta bidaia agentzien arteko bitartekaritza egitea da gure proiektua. Irlandara, Estatu Batuetara... ingelesa ikastera joateko bidaiak antolatuko ditugu. Gazte kuadrillek bidaia agentziak promozionatuko dituzte eta, trukean, agentziek deskontuak eskainiko dizkie taldeei. Zozketak ere egingo ditugu.

Bidaiekin loturiko zerbait egin nahi genuela argi genuen, baina, gure adinarekin, ezin genuen bidaia agentzia edo hotelak sortzen hasi. Horregatik, bidaiarien eta agentzien arteko bitartekari izatea interesgarri iruditu zitzaigun.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide