Zer balorazio egiten duzu bukatu berri den denboraldiaz?
Ohorezko preferenteak eta ohorezko jubenilak mailaz jaitsi dira. Datorren urtean Preferenten eta Lehen Mailako jubeniletan jokatuko dute, hurrenez hurren. Jaitsi egin dira, bai, baina balorazio positiboa egiten dugu.
Zergatik?
Guk badakigu guretzako kategoria horiek muga-kategoriak direla. Hau da, hor egotea bakarrik guretzat ohorea dela, asko dela.
Preferenteren kasuan, iaz lortu zenuten igoera...
Kategoria horretara lau-bost aldiz igo gara. Aurtengoa izan da lehen aldia igo eta urte betera jaitsi egin garena. Besteetan lortu dugu urte betez edo bi urtez mailari eustea. Nire ustez, aurten, maila horretan jarraitzeko aukerak eduki ditugu bukaerara arte, baina ez da posible izan. Jubeniletan ere aukerak eduki ditugu.
Mailaz jaitsi eta...
Denboraldi hasieran gure helburua mailari eustea zen, baina ezin dugu lortu, eta ez da ezer gertatzean. Azken finean, dinamika bat hartu, entrenatzera etorri eta lagun artean kirola egitea da gure xedea.
Eta gainontzeko kategorietan, zer moduz?
Oso ondo. Kadeteak mailaz igo dira, datorren urtean Ohorezko kadeten kategorian jokatuko dute. Ohorezko infantilak ere oso ondo ibili dira. Reala, Tolosa, Antiguoko... horien parean ibili dira, onenekin lehian. Beren taldean bosgarren postuan sailkatu dira eta Gipuzkoa mailan lehen hamarretan sailkatu dira. Infantil txikiek urtero postua irabazi behar dute jokatu ahal izateako eta denboraldi honetan Ohorezko infantilen kategoriara sailkatzeko txartela eskuratu dute. Borroka polita izan dute eta, azkenean, sailkatzea lortu dute.
Eta futbol eskolan?
Oso ondo. Entrenatzaile lanetarako gurasoen laguntza izaten dugu. Aurretik futbolean jokatutako gurasoak izaten dira, gehienbat, entrenatzaileak. Asmoa haurrak futbolera gerturatzea da, kirol hau ezagutzea... Duela hiru urte hasi ginean, 60 umerekin. Orain, 100 dira.
Ez dute lehiatzen, ezta?
Bai... partidu batzuk jokatzen dituzte. Diputazioak antolatutako partiduak izaten dira. Zonaldeka antolatzen dira, hamabostean behin edo. Adibidez, Zarautzera joaten gara hemen inguruko taldeak eta elkarren kontra jokatzen dugu. Ez dago irabazlerik, ez da inor saritzen.
Gurasoen aldetik ere oso jarrera polita dago. Jendea dezente inplikatzen da. Lehiarik ez dago, umeei erakustea da helburua. Baina ez soilik futbolean erakustea, baizik eta baloreei ere garrantzia ematen diegu. Gauza txiki handi horiek ere erakusten dira.
Eta nesken taldeak, zer moduz?
Bi talde daude. Infantilek zortziko futbolean jokatzen dute. Oso ondo ibiltzen dira. Talde berria da, 11-12 neskez osatutakoa. Hasiera kosta egin zitzaien, ez zuten partidurik irabazten; baina bukaeran partiduak irabazten zituzten eta oso ondo bukatu dute liga.
Handiak, oso ondo. Finkatutako talde bat dago, heldua, 20 urte inguruko neskek osatutakoa. Seniorrak, dena den, 3 besterik ez daude. Baino beste aukerarik ez geneukanez, jubenilekin eta seniorrekin atera genuen taldea. Jubenilak igo egin genituen, baina tira, nahiko ohikoa da hori nesketan.
Saiatu gara Usurbilekin eta Zarautzekin elkartzen, bi elkarteekin talde bat sortzen; baina zaila da oso, bakoitzak berea bilatzen baitu. Baina hori landu beharra daukagu, zeren Orion zaila da taldea osatzea, kirol asko daude, aukera asko daude...
Eta entrenatzaileak lortzeko nola moldatzen zarete? Zaila al da?
Ez da erraza.
Lehen taldean entrenatzailea aldatu behar izan zenuten, ezta?
Solaberrieta zegoen lehen entrenatzaile. Taldeko jokalari izandakoa da. Presioa da mutil taldea entrenatzea. Aurten Akilino izan dugu entrenatzaile. Lehen mailan Valentzia entrenatu zuen eta Real Union bigarren mailara igo zenean bera bigarren entrenatzailea zen... Mutil naturala zen. Kategoria horretarako gutxi irabazten zuen, 400 euro.
Bera gustura zegoen, baina gauza batzuk aldatu behar genituela pentsatzen zuen. Fitxaketa batzuk egin nahi zituen. Guk argi esan genion hasieratik gure asmoa zein zen, hortaz, etxekoarekin jarraitzea erabaki genuen.
Berari Mikelek ordezkatu zion, Pollok. Akilinorekin bigarren entrenatzaile lanak egiten zebilen eta aukera ona zela ikusi genuen. Entrenatzaile lanetan jarri zenean partiduak irabazten hasi zen, baina gero guztia bere onera etorri zen. Gure asmoa herriko jendearekin jokatzea da, etxekoekin; oriotarrek herrian futbolen jokatzeko aukera edukitzea.
Oso bestelako filosofia al zuen Akilinok?
Akilinorekin aurre denboraldia baloiarekin egin zuten. Beste era bateko filosofia edo entrenamentu-sistema zeukan. Eta, uste dut mutilek ere hori faltan sumatu dutela, errieta pixka bat egitea.
Baina tira, gaur egun ere Realeko entrenatzaileak ikusten dituzu eta apaizak ematen dute. Ez dira lehengo eskolakoak.
Eta Mikelek entrenatzaile izaten jarraitzeko asmoa al du?
Bigarren entrenatzailea izango litzakeela esan zigun, laguntzeko prest dagoela, baina ez du lehen entrenatzailea izan nahi.
Zaila da entrenatzaileak aurkitzea, ezta?
Titulua duten entrenatzaileak izatea hobea da, eta denek ez daukate. Realak, adibidez, baldintza batzuk jartzen ditu, tartean entrenatzaile titulua edukitzea edo gaiarekin erlazionatutako titulazio bat edukitzea. Baldintzak betez gero diru laguntza polita ematen du. Geroz eta entrenatzaile gehiago dauzkagu tituluarekin, horrek esan nahi du diru laguntza hobea lortuko dugula.
Klubak diru pittin bat badu, laguntza eskainiko die titulua lortzeko asmotan dauden horiei.
Eta zelaian, zer giro egoten da? Gogoan dut garbitasunaren inguruan kezka adierazi zenutela...
Kezka, noski, guk hartzen baitugu hori garbitzeko ardura. Aldagelak udaletxeko langileek garbitzen dituzte, baina zelaia eta harmaila guk garbitzen ditugu. Futbol zelaia jende askorentzat eguneroko tokia da. Guraso asko egoten da, gazte ugari... Goxokiak erosi eta han egoten dira. Betikoa, zakarrontzira bota beharrean han uzten dute. Gu saiatzen gara hori horrela ez izaten.
Eta jarreraren aldetik, zer nolako giroa egoten da harmailetan?
Eskola kirolen giro lasaia izaten da, oro har. Orion beti izan dugu nerbio hori. Garai bateko Antillako bronkak famosoak ziren. Gaur egun apenas gertatzen dira horrelakoak, giro oso lasaia egoten da. Tabernaren inguruan burrunba gehiago egoten da, baina besterik gabe.
Sutsua izatea ere ondo dago...
Eta tarteka epaileari ere gaizki egin duela esatea ondo dago. Kontua zera da, nola esaten dugun, zer hizkuntza erabiltzen dugun...
Eta, euskara? Zer nolako egoera da euskararena?
Une batzuetan ezinezkoa –bueno, zaila– da euskara hutsean aritzea. Talde batzuetan, bereziki entrenatzaileek ez dakitelako edo haur kanpotarrek oso ondo menderatzen ez dutelako, gaztelaniara jotzen dugu. Baina, oro har, aldagela guztietan euskara erabiltzen da ia %100ean.
Eskolak euskaldundu dira, baina eskola kanpoko ekintzak euskalduntzea ere garrantzitsua da...
Bai, bai, hori horrela da.
Eta, datorren urtera begira?
Pentsatzen dugu talde berberak izango ditugula eta futbol eskolan ere antzeko kopuruekin ibiliko garela...
Entrenatzaileak bilatzen ere ari gara. Gainera, beste urrats bat ere eman nahi dugu. Beste taldeetan hainbat kategoriatan entrenatzaileek kobratu egiten dute, baina gurean ez. Aurten, adibidez, diru sarreratxo bat eman diegu bukaeran, eskertza modura, dirua geneukalako. Baina diruarena handicap bat da guretzat. Ordaindu lehen taldeko entrenatzaileari egiten diogu soilik.