Espainiako Txapelketan izango da Irene Ansorregi

Karkara 2016ko eka. 15a, 08:21

Bizkar-igeriketa estiloan lehiatuko da Irene Ansorregi Alonso Espainiako Txapelketan. 100 metrotan lortu du marka, baina 200 metrotan lortzen ere ahaleginduko da.

15 urte besterik ez ditu Irene Ansorregik, baina dagoeneko badu eskarmentua txapelketetan. Zarauzko Balea Igeriketa taldeko igerilaria da aspalditik, hilabete gutxi zituela igeriketa ikasten hasi zen Orioko igerilekuan eta ordutik ez da uretatik atera ere egin.

13 urterekin joan zen lehendabizikoz Espainiako Txapelketara 200 metro bizkar-igeriketa estiloan. Eta aurten ere izango da Espainiako Txapelketan. 100 metro bizkar-igeriketa estiloan lehiatuko da Kanaria Handian. Logroñon lortu zuen marka, 1:07:20 denborarekin. 

Eta, orain, Espainiako Txapelketa baino lehen, beste erronka bat dauka. 200 metro bizkar-igeriketa estiloan ere sailkatzeko txartela lortu nahi du. Zentesima gutxi falta zaizkio marka lortu eta sailkatzeko. Bi zita garrantzitsu izango ditu horretarako. Bata, Gipuzkoako Txapelketan, Azpeitiako Izarraitz igerilekuan, ekainaren 18 eta 19an. Eta, bestea, Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan egingo den Euskadiko Txapelketan, ekainaren 25 eta 26an. 

Igerilekuan eta itsaso zabalean

Igerilekuan ez ezik, itsasoan ere aritzen da igerian. Zeharkaldiak egiten ditu. Uztailaren 31n, esaterako, Getaria-Zarautz zeharkaldia egingo du; eta, horrez gain, abuztuan, Ondarruako eta Donostiako zeharkaldiak egiteko asmotan dabil.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide