Ikastolako ikasleak, ekintzaile sortzaileak

Karkara 2016ko eka. 10a, 14:16

KIMMU enpresako kideak ekintzailetasun eskolak eman dituzte Orioko Herri Ikastolan. Orain, ekintzailetasuna ardatz izango duen aste beteko erronka dute aurretik 15 urteko ikasleek. Ikasleak bezain gogotsu daude antolatzaileak.

Ikasturtean ekintzailetasun eskolak izan dituzte Orioko ikasleek. LEINN graduko KIMMU enpresako ikasleak aritu dira, urtarriletik martxora, LHko ikasleei eskolak ematen. Ikaskuntza gazteen gaitasunak garatzeko erabili dute, astean behin, ordu betez. Hezkuntza tradizionalak ematen ez dizkieten edo aurretik garatu ez dituzten gaitasunak eskuratzea da helburua. Orain, helburu berarekin egingo dute lan, baina 15 urteko gazteekin.

Zergatik 15 urteko gazteak?

Jon Zamora: gogo eta ilusio asko izaten da adin horretan, baina, bereziki, nagusien antzera tratatzeko gogoa edukitzen da. Jendeak zuk egiten duzuna balioan jartzeko gogoa izaten da. Horregatik jarri dugu martxan aste beteko prozesu hau. Orain artekoa baino muturrekoagoa izango da. 

Berak heldutzat tratatzeko helduek ere aldatu behar dute jarrera...

Jon Zamora: Ez diegu alfonbra gorri bat jarri nahi, guztia guk harilkatu. Enpresak edo norbanakoak ikusi behar du ea sortzen duten hori interesatzen zaion ala ez. Baina argi izan behar dute gauza interesgarriak sortzeko kapaz direla.

David Maeztu: Helduen eta haurren arteko distantzia geroz eta handiagoa da. Baina, aste honetan horrekin apurtzen saiatuko gara. Haurrek egiten duten lanari balioa ematea da. Beren ideien eta beren lanaren erantzule izango dira gazteak. Produktu edo zerbitzuak sortzeaz gain, baloreekin lan egiten dutela kontuan izan behar dugu. Labur esanda, prozesu honetan bi esparru lantzen dira: sormena batetik eta baloreak bestetik.

Helduei gazte hauek ahalmena badutela esan behar diegu, beraz.

David Maeztu: Arazoei irtenbidea ikuspuntu ezberdin batetik aurkitzeaz gain; ideia, produktu edo zerbitzu berriak sortzeko gai dira, horiek ere ikuspegi berri eta fresko batetik. Eta, hain zuzen, ikuspuntu hori da balio erantsia emango diona.

Jon Zamora: Gauzak egiteko balioa dute, harrigarria da esparru askotan zer nolako jakintza duten, niri aho zabalik uzten naute. Hori hala da. Beraz, kapaz dira bidea berak egiteko eta helduei kapazitate hori dutela azaltzeko. Herritarrek kontziente izan behar dute onura asko sortzeko gai direla. 

Nola sortuko dute onura hori? Prozesua nolakoa izango da?

Jon Zamora: Gazte hauek garapen prozesu bete-betean daude. Beren sormena ari dira garatzen orain. Beraz, une ezin hobea da beren abilidadeak martxan jartzeko. Guk erreminta batzuk jarriko dizkiegu eskura, ideiagintzarekin lotutakoak, eta horiekin beren ahalmenak garatu ahal izango dituzte eta gizarteari –izan Orioko herriari edo bestelako tokiren bati- ekarpena egingo diote.

Erabakitzeko gaitasuna izango dute. Zertan lan izango duten hautatzeko aukera izango dute, hasierako inbertsiorako dirua nola lortuko duten erabakitzeko... Guztiz libreak izango dira. Guk, aditu moduan-edo, tailerrak emango dizkiegu, baina horietara joateko hautua ere librea izango da. Guk exijituko diegun gauza bakarra lan egin nahi duten horretan lan egitea da. Fokua, aste betez, hor jartzea.

Gogoko duzun horretan lan egiteak bidea errazagoa egiten al du?

Jon Zamora: Gogoa baldin badaukazu, lana eta emaitzak lortu egiten dira. 

Nola hasiko dira lanean?

Jon Zamora: astelehenean jarriko dira martxan. Gure asmoa talka moduko batekin hastea da. Hau da, beren eskola txip horretatik atera behar dute hasiera-hasieratik; txoke bat eduki behar dute, ahal izanez gero, guztiz sentimentala. 

Ondoren, ulertarazi behar dute astebete dutela gai batean zentratu eta lan egiteko. Eta, gero, lanean hasiko dira. Finantziazioa lortu beharko dute, gai bat aukeratu... eta tailerrak ere izango dituzte, baina ez dira presentzialak izango. 

Haierako kapitala esan duzue. Guztiz erreala izango da ezta, diru errealaz ari gara...

David Maeztu: bai guztia erreala da, hasiera-hasieratik. Guk gako batzuk erakutsiko dizkiegu, gure jakintza berei eskainiko diegu. Baina berak aukeratuko dute ea guk azaldutako bideari heldu nahi dioten ala ez. Interesgarriena beren interesei heldu eta nahieran lan egitea da.

Ez dute bide itxirik izango, orduan. Guztiz irekia izango da...

Jon Zamora: Nahi dutena egingo dute, nahi duten moduan.

Eta zuek, orduan, aholkularitza lanak egingo dituzue.

Jon Zamora: oinarrizko ezagutza bat emango diegu, hori guztiei. Erakutsi nahi diegu ikastaro batera joatea onuragarria dela, baina, hori eginez gero, beste zerbait alboratzen ari direla. Erakutsi nahi diegu onura non dagoen aztertu eta erabaki behar dutela. Kontzeptu batzuk ere erakutsiko dizkiegu, formakuntza hori jasoko dute.

David Maeztu: Gaitasun batzuk garatuko dituzte bai ala bai, beharrezkok iruditzen zaizkigulako. Beste gaitasun batzuk zeharka landuko dituzte... Zoragarria litzateke eskola orduz kanpo deitzea!

Jon Zamora: Hori izango litzateke onena!

David Maeztu: Pentsa! Horrek esan nahi du interes handia dutela. Guk beren eskura egongo gara, eguneroko lau ordu horietan -eskolak izango ditugu goizero- edo ordu horietatik kanpo.

Jon Zamora: Aste honen ondoren, erronka honekin jarraitzen duen gazte talde bat egotea oso polita litzake. Eta ez da erokeri bat, horrelako kasuak badaude. Badira 15 urteko gazteak beren xoxak lortzen dituztenak.

David Maeztu: Hori egia da. Ziur egongo direla interesik ez duten gazteak, baina espero dut gogoa adierazten duten gazteak ere egotea.

Jon Zamora: Davidek esan dun moduan, berak gogo hori adieraztea litzake guretzat saririk onena. Berak esan bezala, gu laguntzeko gaude. Gutako bakoitza aditua da gai batean eta gai horren inguruko laguntza emateko egongo da. Ea gai horien inguruan galdetzeko deitzen diguten!

Zuek graduan horrelako dinamika antzerakoa izan duzue, ezta?

David Maeztu: Hamabost urterekin gustatuko litzaidake horrelako aukera bat izatea... Gu guztiok txikitatik izan gara nahiko mugituak eta horrelako aukera bati ihes egiten ez genioke utziko.

Jon Zamora: Nik unibertsitate tradizionala ezagutu dut, eta LEINNen erakutsi diguten ikuspuntu hau askoz ere interesgarria iruditzen zait. Hor dagoena nahi dut, bada nik hartuko dut. Guk geuk lortzea gauzak, alegia.

Eta, zorionez, Orioko Ikastolaren metodologia ere nahiko berritzailea da; beraz, prozesu hau ez dago Orioko ikastolaren dinamikarengandik urrun.

Hezkuntza tradizionala kritikatzen duzue...

David Maeztu: Ikasleen motibazioan eragin nahi dugu. Eta hau horretarako bide egokia bada, ederki! 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide