Denboraldiari ginga jartzeko, errezibimendua

Karkara 2016ko eka. 10a, 17:31

Argazkia: Patxi Iribar

Joseba Arrondok entrenatutako kadeteen futbol taldeak igoera lortu du. Harrera egingo diete udaletxean, larunbatean, eguerdiko 13:00etan.

Lanak fruituak ematen ditu. Eta Orioko kadete mutilei iritsi zaie egindako lanaren fruitua. Kadeteen ohorezko mailarako igoera eskuratu dute eta, horregatik, errezibimendua egingo diete Orioko udaletxean, larunbatean, eguerdiko 13:00etan.

Errezibimendua baino lehen Zubietan izango dira mutilak. Bi partidu jokatuko dituzte. Bata goizeko 10:00etan eta bestea 11:00etan. Realak egindako gonbita izan da eta Orioko mutilek ezin izan die gonbitari ezezkoa eman, gogotsu baitaude onenekin lehiatzeko.

Igoera ez dute zuzenean lortu. Kontua da igoera jokatu duten taldeek, lehenengoak nahiz bigarrenak, taldea zuela ohorezko ligan; eta, liga berean bi talde eduki ezin direnez, ezin izan dute igo. Hortaz, sailkapenean hurrengo postuan dagoenak lortu du igoera, kasu honetan Oriok. 

Urteroko bazkaria eta urteroko sariak

Errezibimenduaz gain, larunbatean denboraldiari amaiera emateko bazkaria egingo dute. Urteroko zita izaten da eta jokalari guztiak mahaiaren bueltan biltzen dira, jai giroan. Bazkariaz gain, sari banaketa ere egiten dute. 

Batzar orokorra ekainaren 23an

Ekainaren 23an, San Juan bezperan, batzar orokorra egingo du Orioko Futbol Elkarteak. Salatxon izango da batzarra eta urteko balantzea egingo dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide