Jon Azkue: "Oraindik ez dago ezer sinatuta, baina ondo bidean, uste dut Irunen geldituko naizela"

Karkara 2016ko eka. 9a, 10:59

Pozik dago Jon Azkue. Bidasoarekin lortu nahi zuen ametsa bete du. Lehen mailako jokalaria izango da datorren urtean, Asobal Ligarako igoera lortu baitute irundarrek.

Zorionak

Eskerrik asko.

Oraindik ospakizunetan?

Bai, oraindik bai. Nik uste dut bihar –gaur– bukatuko ditugula. Arratsaldeko 18:00etan diputaziora goaz, eta, uste dut horrekin emango ditugula amaitutzat ospakizunak.

Ospakizuna Artalekun bertan hasi zen...

Bereziki igandean. Partidua bukatu orduko, han, zelaian, egin genituen ospakizunak. Ondoren, txaranga batek lagunduta udaletxera jaitsi ginen. Hango jendeak San Martzialekin alderatzen zuen. Izugarria izan zen. Eta gero udaletxeko balkoira igo ginen. Hura izan zen ospakizunik handiena.

Nola gogoratzen dituzu momentu horiek?

Oso momentu bereziak izan dira. Urte guztia pasa dugu honengatik borrokatzen. Eta ez urte hau bakarrik, azken bost urteak bigarren mailara igotzeko ilusioarekin eta itxaropenarekin pasa ditugu; eta, aurten, lan horren emaitza iritsi da. Azkenean lortu dugu igoera.

Duela bi urte Bidasoarekin berritu zenuenean ere aitortu zenigun zure helburu hori zela: Bidasoarekin Asobal Ligara igotzea.

Hori lortzeko bidean aritu gara lanean urtez urte. Iaz, play offean kolpe gogorra jaso genuen. Final erdietan 11 goleko aldeagatik galdu genuen. Aurten beste era batera egin ditugu gauzak, beste modu batera irudikatu dugu play offa; eta, egia esan, ondo joan zaigu. Bi partiduak irabazi ditugu, gustura!

Behin igota, datorren denboraldiaz galdetzen dizuete askok. Lehenago, atzera begiratzea eskatuko nizuke eta denboraldia nola joan den azaltzea, ea hasieratik zenuten Asobalera igotzea helburu.

Azken urte hauetan genuen helburua zen. Beraz, aurtengo hasierako helburu bakarra ere Asobalera igotzea zen. Bi taldek daukate zorte hori: lehenengoa sailkatzen dena zuzenean igotzen da eta bestea taldea erabakitzeko play offa jokatzen da. Gure helburua, bide batetik ala bestetik, Asobalera igotzea zen.

Denboraldia gogorra izan da. Guk urte oso ona egin dugu, 60 puntutatik 51 lortu ditugu. Orain arte hori zen liga honetan zegoen errekorra. Baina, kasualitatez, aurten, talde batek 57 puntu lortu ditu. Partidu bakarra galdu du denboraldian. Orduan ezin izan dugu igoera zuzena lortu. Hori bai, play offa etxean jokatzeko aukera izan dugu.

Hori abantaila da, ezta?

Nik baietz uste dut. Duela lau urte play offa etxean jokatu genuen. Ez genuen igoera lortu, baina afizioa gainean izan zen eta hori oso positiboa da. Iaz ikusi genuen kanpoan jokatzea oso zaila dela. Eta, aurten, azkenengo momentura arte erabakitzeko zain egon gara, Cordoba ala Irun baitziren aukerak, baina azkenean etxean jokatu ahal izan dugu.

Afizioaren babesak ere izango du bere ekarpena garaipen batean...

Ez da berdina 2.000 pertsona horiz jantzita ikustea eta sartzen duzun gol bakoitzarekin edo egiten duzun defentsa on bakoitzarekin animatzen ikustea; edo, alderantziz, beste taldeei gertatu zaiena, 2.000 pertsona aurka edukitzea. Etxean jokatzea oso garrantzitsua dala uste dut.

Datorren urteari begira jarri gaitezen orain. Hurrengo denboraldian Bidasoan izango al zara?

Orain dela hilabete inguru elkartu nintzen Bidasoako klubekoekin. Egia da aukerak izan ditudala kanpora joateko, baina orduan esan nien nik Asobalen jokatu nahi nuela eta itxaron egin nahi nuela play offak pasa arte. Play offetan gertatzen zenak eragina izango zuen erabakian eta orduan igoerarako lehia horiek jokatu bezain pronto erabakia hartuko nuela esan nien.

Irabazi egin dugu, Asobalera igo gara, eta astelehenean bertan klubekoek deitu zidaten. Oraindik ez dago ezer sinatuta, baina ondo bidean, uste dut Irunen geldituko naizela. Bost urte honen atzetik borrokan aritu ondoren, behin lortuta, polita litzake igoera lortu duzun taldearekin lehen mailan jokatzea.

Etxean bezala, inon ez? Garrantzia ematen al diezu koloreei?

Nik garrantzia handia ematen diot gustura egoteari. Irunen bost urte daramatzat eta oso gustura nago. Oso maitatua sentitzen naiz han. Egia esan, aukera handiak eman dizkidate talde moduan; beraz, hainbeste borrokatu ondoren, zer hobe Bidasoarekin goran egotearen esperientzia bizitzea baino?

Eta talde moduan nola irudikatzen duzu hurrengo denboraldia? Maila emateko kapaz izango zaretela uste al duzu?

Nik uste dut aldaketak izango direla. Aurten nahiko azkar jakin dugu non egongo garen. Zeren, gogoan dut duela hiru edo lau urte Asobalen izan ginela bulegoko lanagatik –talde bat desagertu egin zen–, eta, orduan, asko kosta zitzaigun talde lehiakorra eratzea.

Uste dut oraingoa alderaezina dela urte harekin. Oraingo honetan guk gure lana egin dugu. Orain klubaren txanda da eta hasi da dagoeneko beren lana egiten. Helburua mailari eustea izango da. Ez dugu igo eta jaitsi dabilen taldea izan nahi, talde lehiakorra izan nahi dugu.

Zuretzat anbiziosoa izango da lehen mailan egotea... Baina ikasten ere bazabiltza, zerri ematen diozu lehentasuna?

Ikasten jarraitzen dut. Ikasketei duten garrantzia kendu gabe, kirola ematen ari zaidan aukera aprobetxatzen ari naiz. Ikasketak ez ditut utziko, noski, baina duela lau urteko maila jaitsi dut. Orduan zazpi ikasgai egiten nituen. Orain lau egiten ditut. Ez naiz iristen. Eta, gainera, kirola ematen ari zaidan aukera hau aprobetxatu nahi dut. 

Aukeratu ahal izango bazenu, zer nahiagoko zenuke, ingeniari elektronikoa ala eskubaloi jokalaria izan?

Ahal den neurrian kirolari eutsi, baina jakinda hori egunen batean bukatu egingo dela. Kirolariaren lan-bizitza laburra da eta bukatzen den momentuan ikasketak beharko ditut. Baina bitartean aprobetxatzen eta disfrutatzen saiatuko naiz. Askok ez daukate aukera hau, beraz, bizipenak bizitzen ahaleginduko naiz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide